Kontzertu gaua gaur eta minien topaketa bihar, asteburuko hitzorduak

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 19a, 00:00

Kontzertu gau berezia antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak, ostiral honetarako, uztailaren 19rako. Bi talde igoko dira gaztetxeko agertokira; batetik, Madrildik datorren musika taldea, "Maindo taldekoak beraien folk-rock doinuekin". Biran datoz Euskal Herrira. Gertuagotik, Hernanikoa da Usurbilgo Gaztetxean joko duen bigarren musika taldea; Behacheroja, "rockanrol gozoarekin". Kontzertuak gaueko 23:00etan hasiko dira. Antolatzaileek bertaratzeko gonbita luzatua dute. "Bihar hilak 19 kontzertu berezi bat izango dugu Usurbilgo Gaztetxean. 11etatik aurrera, gau giro polita eta anbiente bikaina!!!", iragarri dute.

Mini klasikoen II. Topaketa larunbatean
Ez harritu larunbat goizean Kalezar edota Kaxko inguruan miniak, bat bestearen atzetik edota Dema plazan aparkatuta ikusten badituzue. Mini klasikoen bigarren topaketa antolatu dute uztailaren 20 honetarako Usurbil eta Orio artean. Deialdia, minia duen edonori zuzendua dago. Ibilgailu hau izan eta topaketetara animatzen denak beraz, goizeko 9:00-9:30 alderako Saizar sagardotegi aurrera gerturatu beharko du. Gero, hamaiketakoa dastatzera jaitsiko dira Bordatxo tabernara. Tarte horretan, autoak Dema plazan aparkatuta utziko dituzte. Mokadua dastatuta, autoak hartu eta Orio aldera abiatuko dira. Hango Bixigu Egunera. Gertuagotik, hemen inguruko udalerrietatik, baina urrutiagotik etorritako partaiderik espero dute antolatzaileek. Iaz, estreinako edizioan, Hego Euskal Herriko, baina baita Madril edota Santander aldetik etorritako 55 auto eta gidari bildu zituen topaketak. Egitarau hauxe prestatu dute antolatzaileek, larunbateko topaketarako:

Uztailak 20, larunbata
10:00
 Irteera Usurbilgo Saizar sagardotegitik.
10:30 Hamaiketakoa Bordatxo tabernan.
Bitartean, Miniak Dema plazan egongo dira aparkatuta.
12.00 Mini klasikoen ibilaldia Orion eta inguruetan.
14:30 Parte-hartzaileen marmitakoa Orioko Ikastolako pergolan.
Bitartean, Miniak ikastola aurrean egongo dira aparkatuta.