EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsoro, Zubietako errauste plantaren tramitazioan lege hausterik egon ote den, diru baliabideak oker erabili ote diren ikertzen hasi da. Hedabideak jasotzen ari direnez, Kalparsororen asmoa, ikuspuntu ekonomikotik, erraustegiko lanak etetearen ondorioz ordaindu beharko diren kalte ordainak, egungo edo aurreko GHK-ko arduradunen kudeaketa txarrak eragindakoak ote diren ikertzea izango da.
Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioak (GHK) baikortzat jo du albiste hau, hedabideek jaso dutenez. Ainhoa Intxaurrandieta lehendakariaren esanetan, pozez hartu dute albistea. Irregulartasunak hasieratik salatu dituztela gogorarazi du, euren laguntza eskaini diote Fiskaltzari, duten dokumentazioa Fiskaltzaren esku jartzeko asmoa erakutsi du, eta ikerketa amaieraraino heltzea eskatu du.
Erreakzio gehiago. Prentsaurrean, Fiskaltzak abiatu duen ikerketa amaieraraino heltzea eskatu du EH Bilduk. GHK-k duela astebete, errauste plantako lanak eteteko erabakia babestu du, pisuzko argumentazioa dutela adierazi du koalizioak. Hasierako proiektuaren eta gerokoaren artean dauden desberdintasunen aurrean, errauste planta egitea ilegala litzatekeela ere gogorarazi du. Gainerako eragile politikoei arduraz jokatzea eskatu die; hondakinen kudeaketa berri bat definitu eta horretarako beharrezko azpiegiturak eraikitzea proposatu du EH Bilduk.
Egunotan gai honen inguruan adierazpenak egin dituztenen artean dago baita, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea. Errauste planta proiektuak, eskatutako baimen guztiak dituela ziurtatu du hedabideen aurrean. Alderdi bereko beste kide batek, Carlos Ormazabalek ere hitz egin du, aurreko legegintzaldiko Foru Aldundiko Garapen Jasangarriko diputatuak. Errauste planta proiektuak legedia zorrotz betetzen zuela ziurtatu du, horixe zela gainera, aipatu egitasmoa erredaktatzerakoan zuten helburu nagusia. Arazoak gero etorri zirela dio, Bildu GHKko Administrazio Kontseiluan sartu eta proiektua geldiaraztea erabaki zuenean.
PSE-EEk adierazi du, legegintzaldi hasieratik ohartarazten ari dela, errauste planta ez eraikitzeak ekarriko zituen ondorio larriez. Horregatik, pozik agertu dira sozialistak, Fiskaltzak ikerketa abiatzeko hartu duen erabakiarekin.
Errauste plantako lanak eteteko agindua eman du GHK-k
Uda honetan, gai honek albiste soka luzea ekarriko duela ziur. Gogoan izan, iragan ostiral arratsaldean, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) erakundeko ordezkariek, errauste planta eraikitzeko lanak behin betiko eten dituztela berri eman zuten, bertaratu ziren hainbat komunikabideetako kazetarien aurrean. Erabakia uztailaren 12an eguerdian hartu zuen GHK-k, Administrazio Kontseiluak buruturiko bilkuran.
Arrazoi juridiko eta teknikoak bultzatuta hartu dute erabaki garrantzitsu hau. Errauste planta proiektuak hainbat eremutan legea ez duela betetzen ohartarazi zuten. "Irregulartasunak eta lege urraketak izan ditu", berri eman zuten. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzak baimendutakoa eta eraiki nahi den erraustegia ez dela proiektu bera, ez datozela bat nabarmendu zuten, baten eta bestearen artean dauden desberdintasun eta aldaketa nabariak agerian utziz. Testuinguru honetan erraustegia eraikiko balitz, ezinbestean legedia urratu beharko litzatekeela ziurtatu zuten.
"Funtsezko aldaketak behartu dira dokumentu batetik bestera"
Errauste planta eraiki ahal izateko emandako Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) bidez, bere garaian hainbat baldintza jarri zituen Eusko Jaurlaritzak. Obraren Lizitazio Dokumentuak baldintzok ez dituela betetzen azaldu zuten. "Obraren Lizitazioaren Dokumentuak errauskailuari eskatzen dizkion baldintzak, eta Eusko Jaurlaritzak agindutakoak ez datoz bat. Funtsezko aldaketak behartu dira dokumentu batetik bestera. Ingurumen baldintzak aldatu egin dira", diote GHK-tik.
Ingurugiro arau eta agindu zenbait ez ditu betetzen errauste planta proiektuak, eta zeintzuk diren azaldu zuten Zubietan. Batetik, "IBBren aginduaren aurka" zaborra erraustu ostean, geratzen diren hondakin solido kutsakorrak tratatzeko azpiegitura proiektutik kanpo utzia dagoela diote. Errauts toxikoaren tratamendurako azpiegiturarekin ere berdin, zati honen tratamendua ez dela kontuan hartzen. Eta azkenik, errauste plantaren kota, IBBk baimendutakoa baino hiru metro gorago jartzen dela. Ez hori bakarrik, aldaketa honek dakartzan eragin berrien gaineko azterketarik ez dela egin salatzen dute. Ez, "inpaktu bisualari dagokiona", ezta "goragoko kota horretan aireratuko den kutsadura ze mailatakoa eta zabalkunde izango duen" ikertuko lukeena. Horregatik guztiagatik ondorioztatzen dutenez, “Zubietako errauste plantaren lizitazio modua eta ingurumen baldintzei soilik erreparatuta, lanak ez dira legezko, eta horrenbestez GHK-k bertan behera utzi du lanen exekuzioa”.