Fernando Iturralde, Zubietako herri batzarreko alkate: "gu bat gara, nahiz Usurbilen edo Donostian izan"

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 22a, 00:00

Egin beharreko tramitazioa burututa, 2011ko legegintzaldi erdia osatu ostean, alkatetza aldaketa gauzatu da Zubietan. Alazne Olaizolak utzitako lekua hartu berri du Fernando Iturraldek, 2015eko udal hauteskundeak bitarte. Ekainaren 21ean burutu zuten batzarrean jakinarazi zieten herritarrei aldaketa, aurreko bi urteetako balantzea egin eta esku artean dituzten egitasmoak azaltzearekin batera. Santioak ate joka ditugun honetan herri batzarreko alkate berriarekin bildu da NOAUA!.

Legegintzaldiko lehen bi urteen balantzea, zer moduzkoa izan da?
Fernando Iturralde. Balantzea positibo bezala hartuko nuke. Zenbait gauza oraindik esku artean ditugu baina beste hainbat egin ditugu. Azken batzarrean, jendeak ere onartu zigun orain arte eginiko lana. Baditugu gai potolo batzuk ezin ditugunak aurrera atera, ditugun mugengatik.

Zubietaren zatiketa gainditzeko bidean aurrera egitea lortu da?
Harreman ona dugu udaletxeekin, baina arazoak lehengoan, berdintsuak ikusten ditugu. Gure erronka Zubieta bat izatea da. Gure armarriak hala esaten du, batu ez banandu. Eta guk hori oso garbi dugun gauza da. Baina hori borrokatu beharra dugu. Zubietaren zatiketa gauza txikietan ikusten da. Guri min handia ematen digu, zatitzen gaituztenean. Bi konpostagune ditugu; bat Donostiako zatian, bestea Usurbilgoan. Berdinak egitea eskatu zitzaien, berdintsuak dira baina ez dira berdinak. Txorakeria bat dirudi, baina markatuta daude. Guk bat garela argi diogu.

Nortasun kontu batetaz ari gara?
Historikoki herri ez gara behin ere izan, baina herri izaera bat beti izan dugu. Guk hori zaindu eta aurrera eraman nahi dugu. Muga handiak ditugu, baina gure saiakerak hor jarraitzen du. Gure sentimendua garbi hor dago; gu bat gara, denok bat gara. Nahiz Usurbilen, edo Donostia izan.

Konpostaguneak aipatu dituzu. Zer moduzkoak izaten ari dira esperientziok?
Parte hartze handia dugu. Gure intentzioa parte hartzea ehuneko ehuna izatea zen, baina oraingoz behintzat ez dugu lortu. Gure erronkak hor jarraitzen du. Zubietak zero zabor herria izan behar duela uste dugu eta gure erronka hor dago. Gainera guk ahal dugu, landa eremu bat baita Zubieta.

Atez ateko bilketa jartzeko sinadura bilketa bat egin zenuten, ezta?
Zubietarren eskaera baten bilketa egin genuen. Azkenean herritarrek esan ziguten eredu hau nahi zutela. Baina ez dugu lortzen horretara iristea. Alde bat Usurbil gara, bestean Donostia gara. Mugak ditugu. Eta horregatik batez ere ez dugu lortu. Aurrera egin behar dugu gai honekin. Zubietako hondakinekin ibiltzen garen moduan ibiltzea ez dugu merezi. Ez dugu merezi halako Araeta pareko gune zikin bat izatea. Bi kilometroko egiten ditugu askok zaborrekin egunero. Baina eredu erraza eta sinple bat hor dugu, atez atekoa. Ikertua dugu oso era sinplean egin litekeela atez atekoa Zubietan, baina ez da lortzen jartzea. Zubietarrak horren alde gaude.

Horri lotuta ezin aipatu gabe utzi errauste planta egitasmoa eta azken berriak.
Zubietan kondenatuak gaude hondakinen gai honekin. Aldundiak plan berria aurkeztu zuenean, beste makro azpiegitura bat proposatu zuen; biometanizazio planta bat. Horregatik diot kondenatuta gaudela. Biometanizazio planta bat ere ez dugu nahi. Erraustegia baino hobea izango da. Baina azken batean, hor jarri digute nahi ez dugun gauza bat eta ez dugu kenduko gainetik. Ahalik eta ondoen hartu dezagun, ahalik eta gauza hoberena har dezagun. Hori izango da gure erronka. Azken batean bizi izan dugunagatik, zero zabor politikan asko sinesten dugu. Zero zabor bidean, hori pixka bat kanpo geratuko litzateke.


Zeintzuk dira bideratzen ari zareten beste lanketa eremuak?
Herri izaera horrekin lanean jarraitzea. Eskuzaitzeta eremua, Artzabaletako gainak; erraustegia, dirudienez azkenean kartzela izango den makrokartzela, eta zarata eta kutsadura ekarriko dituen industria eremu erraldoi bat. Errebote plaza. Altxor asko ditugu herri honetan eta altxorretako bat errebote plaza da. Egoera kaxkarrean dugu eta hor gabiltza borrokan ia nola txukuntzen dugun. Eta gero egunerokotasuneko gaiak; bide konponketak,… Guretzat oso garrantzitsua eta gai larria, eskusartze sakon bat beharko lukeena, gure eskola txikia litzateke. Ume piloa dugu; 60 bat edo, bi gela eta jangela aurrefabrikatuetan. Hazten joateko lurrak baditugu, hazteko proiektua ere badugu. Baina hor ere oztopo handiak lortzeko.

Laguntza lortzeko oztopoak, ezta?
Udaletxeak alde ditugu, baina arazo gehiago Jaurlaritzarekin. Guretzat umerik gabeko herria, ez da herri bat. Gure umeak gure herriak nahi ditu. Horiei nolabait irtenbidea eman behar diegu. Bai eraikinaren egoerari, eta Usurbil edo Lasartera joan beharrik izan gabe, haurrek ikasketa zikloa hemen amaitu ahal izatea nahi genuke. Zerbait bideratzen ari garela dirudi. Baliabideak baditu Zubietak. Artzabaleta gaina, eta eman dituzten diruekin, horiek ez dira etorri Zubietara eta ez dirudi etorriko direnik Zubietara. Ez dugu eskatzen dena, zati bat gutxienekoa tokatzen zaigula guri. Gure herritik eramaten ari diren hori. Gutxienean frontoia, ikastola, bideak…

Jaietako antolatzaileen lanari gorazarre

Santioak ate joka. Zer modutan parte hartuko duzu?
Fernando Iturralde. Gure papera oso xumea da. Herri batzarkide izanagatik, saiatzen gara soka dantzan parte hartzen. Herritar bezala, gehienak bezala hemen ibiltzen gara festetako saltsan. Lanean aritzen garela diote, baina batez ere gozatu egiten dugu.

Batzarkide moduan zer esan zubietarrei?
Ondo pasatzeko, festez gozatzeko. Zubietan harro egoteko gauza asko ditugu; besteren artean, festak antolatzen dabilen gazte koadrila bat. Lan asko egiten dute, altxor bat dugu hor. Eskertzekoa. Festak eurentzat ere bai, baina batez ere zubietarrek ondo pasatzeko antolatzen dituzte.

Zubietan egin zen bilkura historiko bat, Donostia duela 200 urte suntsitu zutenean. Ekitaldirik iragarria dago abuztuaren 31ko urtemuga honen harira?
200. urtemugako ospakizun horretan paper bat tokatzen zaigu, garai hartan hemen egin zelako bilera bat. Irailaren 8an festa eguna izango dugu. Gure proposamena da, plaza bueltan egitea festa hori eta gure errebotea ezagutzera ematea, gure izaera ezagutzera ematea. Orduan bezala, zubiak irekiak ditugu beti hemen, bai laguntza eske edo disfrutatzera etorri nahi duen edonorentzat.