"Esperientzia aberasgarria da haurrarentzat, eta baita guretzat ere"

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 29a, 00:00

Usurbilen da bigarren urtez, Masha Buraya. Bielorrusiakoa da, 8 urte ditu. Bi hilabeterako, abuztuaren 27ra arte egongo da gure artean. Aste batzuez bada ere, bere eguneroko bizimodu gogorretik urrun, Mamen Tardio eta bere senideen etxeko goxotasunean. Mamen eta familia, iaz lehen aldiz animatu ziren haur bielorrusiarra etxean hartzera, zeregin hauetaz arduratzen den Bikarte elkarteren bidez. Esperientzia aberasgarria dela dio Mamenek, eta ahal dutenei, egitasmo honetan parte hartzeko gonbita luzatzen die lerroon bidez.

Nola animatu zineten iaz?
Mamen Tardio. Betidanik nahi izan dugu. Baina iaz egunkarian irakurri genuen, haurrak etxean hartzeko familiak behar zituztela eta Bikarte elkartarekin harremanetan jarri ginen. Bideoak erakusten dizkizute nola bizi diren umezurztegietan, ez dutela ezer, aireportuetara nola heltzen diren ikusten duzu… Animatu ginen eta oso esperientzia ona izan zen.

Zer nolakoa da haurra etxean hartzeko osatu behar den prozesua?
Bikarte elkartekoak dira hedabideetan iragarkia jartzen dutenak. Eurekin harremanetan jartzen zara, bilera batera joan behar da. Haiek azaltzen dute, nola bizi diren haurrak euren sorterrian. Gero, izena eman ostean, psikologo batek deitzen dizu eta elkarrizketa egiten dizu haurra etxean hartzeko gaitasuna ote duzun edo ez aztertu edota ze bizitza mota daramazun jakiteko. Jarraian, paper batzuk sinatu behar dira abokatu batekin, haurra adoptatuko ez duzula ziurtatzeko. Errusiako Gobernuak ez baitu adoptatzen uzten. Beste bileraren bat haurrak noiz datozen eta noiz itzuliko diren jakiteko eta ezer gutxi gehiago.

Kasu honetan Bikarte arduratzen da gainerako tramitazio guztiaz?
Tramitazio guztiaz arduratzen dira. Eurak esaten dizute haurra noiz datorren eta noiz doan. Haurrak datozenean itzultzaile batzuk datoz hegazkinean eurekin. Noizean behin itzultzaileekin geratu behar zara haurrak nola dauden ikus dezaten. Gero bada biltzeko egun finko bat. Udan zehar, hiru jaialdi egun egiten dituzte; bat Araban, bestea Bizkaian eta hirugarrena Gipuzkoan. Hiru jaialditara joan zaitezke, baina gutxienez batera joatea derrigorrezkoa da, monitoreek ikus dezaten haurrak ondo dauden, pozik, zoriontsu. Gainerakoan ez dute gehiago exijitzen.

"Udalek diru laguntzak ematen dituzte"

Zertan zaie lagungarri esperientzia hau, hona datozen haurrei?
Zoriontsuak dira. Denerako lagungarri zaie. Osasuna hobetzen zaie. Haurra etorri eta hiru zentimetro hazi zen. Beste kultura bat ezagutzen dute, beste hizkuntza bat. Zoriontsu dago, egunero irribarretsu dago. Ilobentzat ere aberasgarria da, duten guztia baloratzen eta partekatzen irakasten die Mashak. Dena topera bizi du, eta asko gozatzen du guztiaz.
Nik pertsonalki ez dut beste munduko ezer, baina berarentzat aberatsa naiz. Gauza asko ditut, baina berak baloratzen laguntzen gaitu. Esperientzia benetan aberasgarria eta ederra, bai haurrentzat eta senideontzat ere. Eta ez da hainbeste kostatzen.


Gastuak aipatu dituzu. Horrelako kasu batean, zer baliabide behar ditu sendi batek?
Haurraren bidaia 1000-1200 euro artean kostatzen da. Udalek diru laguntzak ematen dituzte, Usurbilgoak tartean. Jasotako laguntza guztiak hona datozen ume guztien artean banatzen dira. Laguntzok haurren bidaia gastuetara bideratzen dira. Iaz 390 euro ordaindu genituen,  aurten 260 euro. Udalak diru laguntza eman baitu. Gero Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat ematen zuen, baina aurten kendu egin du. Haur guztien topaketa bat burutu behar zen Jaurlaritzan. Oker ez banago, uztailaren 19an doaz, eurentzako diru laguntzak berriz ematen hastea eskatzeko. Honez gain, gabonetako loteria eta errifak saltzen dira. Hortik ateratzen den dirua ere haurren bidaia gastuei aurre egiteko da. 260 euroko bidaiaz gain,  gero eguneroko umearen gastuak daude; janaria eta arropa. Kontuan izan, jantzitakoarekin bakarrik dator haurra. Baina ez da hainbesteko gastua.
Gastu gehiena bidaiak eragindakoa da, eta laguntzen arabera, gastua murriztu edo gehitu liteke.

Zer nolako egokitzapena behar izaten da egoera hauetan?
Astebeteko oporraldia hartu nuen lantokian, badaezpada egokitzeko. Beharrik ez nuen izan ordea. Masharen etorrera Usurbilgo festekin egokitu zen. Egun osoan kalean pasatzen genuen. Berak ez zuen sekula buruhandirik ikusi eta oso gustura ibili zen. Oso pozik. Segituan egokitu zen, oso ondo gainera.