Baserritar berriei laguntzeko kanpaina abiarazi du Lurzaindiak

Noaua Aldizkaria 2013ko uzt. 30a, 00:00

Lurzaindia elkartea sortu berri dute Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoan, baserritik bizi nahi duten gazteei laguntzeko. Lurzaindia lanean ari da gero eta garestiago den lurraren espekulazioa mugatu eta lur bila dabiltzan baserritar gazteei aukera hobeak eskaintzeko. “Usurbilen badugu lehendik ere Iparraldeko ahalegin honen berri”, Nafartarrak taldekoek aditzera eman diguten moduan. “Lurzaindia sortu da lehen GFA Lurra deitu zen elkartean oinarrituta. Usurbildar batzuk gogoan izango dute nola herritar askok lagundu zuten Zuberoan ‘Kako’ baserria erosi nahi zuen nekazari gazte hark bizibidea martxan jartzen”. Orain Lurzaindiak hori bera egin nahi du baina maila zabalagoan. Kanpaina hau bultzatzen ari da egunotan Nafartarrak taldea Usurbilen.

Iparraldean lehen mailako garrantzia duten erakundeek bultzatu dute Lurzaindiaren sorrera: Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuak,  Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, 1.000 familia eta baserritar multzoa biltzen dituen Inter-AMAP elkarteak,beste batzuren artean.

Nekazariak desagertu ez daitezen borrokan
Gaur egun Iparraldean urtero 1.000 hektarea lur on galtzen da, etxeak, fabrikak edo azpiegiturak egiteko, sarritan espekulazio hutserako. Bitartean lur falta gero eta handiagoa daukate baserritik bizi behar dutenek. Gazteek oso zaila daukate baserri bat antolatzen hastea. Ondorioz, bertan egindako produktuak gutxiegi kontsumitzen dira eta gizarte osoa dago urrundik ekarritako janarien mende. Horrekin batera, herrietako bizitza ahuldu egiten da: haur gutxi, kaleetan bizirik ez, ekonomia kaxkarra…


Nezakaritza herrikoiaren alde
Lurzaindiak babesten duen laborantza da ELBk, Laborantza Ganbarak eta oro har elikadura burujabetasunaren alde dagoen jendeak defenditzen duena.

Auzolanean lurra erosi
Lurzaindiak herritar guztiei proposatzen diena zera da: Lurzaindiaren akziodun izatea, elkarteak erosi ditzan lurrak eta gero horietan instalatu baserritar izateko ikasi eta gogoz dauden gazteak.
Lurzaindiaren akziodun izan daitezke bai pertsonak eta bai elkarteak. Akzio bakoitzak balio du euro 1; akziodunak gutxienez 20 euro inbertitu behar ditu. Akzioak erosi daitezke kolpe batean baina baita hilero hainbesteko bat emanez. 2013a bukatzerako  350.000 euro bildu nahi ditu Lurzaindiak.

Kontaktua
Informazio gehiagorako, hona erreferentziak:
Lurzaindia - Bidouze karrika, 32 - 64120 Donapaleu
Telefonoa: 00335 59654602
E-maila: info@lurzaindia.eu
Webgunea: www.lurzaindia.eu