Berri onak, garai zail hauetan. Beste behin, beherantz egin du langabezia-tasak Usurbilen. Uztaileko azken datuen arabera, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak 353 langabetu zenbatu ditu udalerri honetan. Ekainean baino 10 gutxiago, orduan 363 baitziren lanik gabe zeuden usurbildarrak. Maiatzean 375 ziren. Udako hilabeteetan tradizionalki, beherantz egin izan du langabezia tasak. Beheranzko bide hau, urtaro honi loturiko gertaera puntuala izan edota aurrera begirako joeraz ari garen, hurrengo hilabeteetan ikusi beharko da.
Aipatzekoa, gizonezkoen langabezia tasak zertxobait gora egin duen artean, bereziki emakume langabetuen kopuruak egin du behera, 195etik 183ra. Modu honetan, emakumezko eta gizonezkoen langabezia tasen arteko aldea nabarmen txikitu da. Adinari begira aldaketarik ez, 25-44 urte arteak biltzen du lanik gabe dagoen herritar kopuru altuena. Sektorekako datuei erreparatuta ere betikoa; zerbitzuetan, tarte handiz, Usurbilgo langabezia-tasa handiena.
Erregistratutako lan kontratu kopuruak behera egin du bestalde; ekainean, 314, uztailean 301. Gehienak, 292 aldi baterako lan kontratuak.
Beherakada orokorra
Usurbilgo beherakada nagusitu da baita Buruntzaldean ere, langabetu kopuruak behera egin baitzuen uztailean. Udalerrika, Andoainen eta Hernanin baino ez du gora egin langabezia tasak. Astigarragan, Lasarte-Orian, Urnietan eta Usurbilen behera. Modu honetan, bost mila langabeturen mugaren azpian kokatu zen langabezia tasa, joan den hilean; 5.043tik 4.995era jaitsi baitzen. Gipuzkoan ere gauza bera: ia 800 langabetu gutxiago iragan hilabetean. Uztailean 47.714 langabetu zeuden. Hilabete lehenago, 48.503.
Hona hemen, uztaileko langabezia datuak:
USURBIL
Guztira: 353.
SEXUAREN ETA ADINAREN ARABERA
Gizonezkoak: 170.
<25: 15.
25-44: 88.
>=45: 67.
Emakumezkoak: 183.
<25: 11.
25-44: 90.
>=45: 82.
SEKTOREAREN ARABERA
Nekazaritza: 3.
Industria: 80.
Eraikuntza: 37.
Zerbitzuak: 210.
Aurretik lanik gabe: 23.
BURUNTZALDEA
Andoain: 1.104.
Astigarraga: 305.
Hernani: 1.446.
Lasarte-Oria: 1.404.
Urnieta: 383.
Usurbil: 353.
Guztira: 4.995.
GIPUZKOA
Guztira: 47.714.