Legegintzaldiko lehen zatiko balantzea aurkeztuko du irailean, EH Bilduk

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 26a, 00:00

Potxoenean uztailean eginiko bi batzarren ostean eta 2011-2015 legegintzaldia erdibidera heldu den honetan, lehen bi urteotako balantzea aurkeztuko du jendaurrean EH Bilduk. Datorren hilean izango da, irailean. Iragan hilabetean eginiko batzarretan landutakoaren berri jasotzeko aukera egongo da bertan. Uztaileko saio hauetan hain zuzen, Usurbilgo EH Bilduren web orrialdeak jasotzen duenez, "bi urte hauetako bilakaera, herri programaren garapena, martxan jarri diren egitasmoen balorazioa, arlo bakoitzean aurrera eraman diren egitasmoen identifikazioa, hutsuneak,… aztertu ziren". 

Tartean, krisi ekonomikoak izan duen eragin zuzena. Ondorioz, bi urteotan, "behar beharrezkoak diren egitasmoei heltzea" izan da gobernu taldearen lehentasunetako bat. Premiazko hirigintza obrak egin, edota gizarte zerbitzu eta laguntzak bere horretan mantendu dituela adierazi du EH Bilduk. Gertutasuna eta gardentasuna, aipatzen ditu koalizioak igaro berri diren bi urteon balorazioa egiterakoan. Erabakiak herritarrekin batera hartzeko eginiko ahalegina da baloratzen duten beste alderdietako bat. Eta aurrera begira ere jartzen dira EH Bilduko kideak.

Hirigintzako Plan Orokorraren diseinua, datorren erronka
Abiatzear dugun ikasturte berri honetan, titular bat baino gehiago emango digun Usurbilgo Hirigintzako Plan Orokorra diseinatzeari ekingo baitio Udalak. Bakarrik ez noski, herritarrekin batera. Iragarri dutenez, "erabaki horretan usurbildarren parte hartzea behar beharrezkoa izango da". Etorkizuneko udalerria diseinatuko baita. "Plan Orokorrak sekulako garrantzia du, suposatzen baitu Usurbilek baduela tresna bat bere etorkizuna eratzeko", diote EH Bildutik.

EH Bilduk legegintzaldi honetako lehen bi urteen inguruan eginiko balantzearen zehaztasun gehiago, 

http://usurbil.ehbildu.net helbidean.

Irudia: Usurbilgo EH Bildu.