Konpromiso etikoa hartu du Udalak, zabortegiak dituzten udalerriak ahalik eta gutxien kaltetzeko

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 27a, 00:00

Abuztuko azken asteartea izan arren, udako etenaldia dela eta, gaur ez da osoko ohiko bilkurarik izango. Uztailean ordea burutu zen. Beste kontu batzuen artean, ingurumenari loturikoak hartu zituzten ahotan udal ordezkariek. Usurbil Zero Zabor taldeak aurkeztutako mozioa izan zuen aztergaietako bat udalbatzak, uztailaren 23an burutu zen bilkuran. 

UZZ-koen testuak eskaera argi bat luzatzen zion udalbatzari; "usurbildarron errefusa jasotzeko zabortegiak dituzten herrietako biztanleei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko konpromiso etikoa" bere egitea. Konpromiso hau, hainbat neurriren bidez gauzatzea ere galdegiten du mozioak. Hala, hiru neurri nagusi proposatzen dituzte UZZ-koek: ahalik eta hondakin gutxien sortzeko Udalak burutu ditzakeen ekintzak aztertzea, emaitza hoberenak lortzen dituen gaikako bilketa sistemak ezarri eta etengabe hobetzen jarraitzea, eta azkenik, herritarren parte hartzea bultzatzea.

Horrez gain, orain arte "eragindako kalteen aitortzea" egitea ere eskatzen zuen mozioak. Testua gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak. Bildu eta Aralarrek babestu zuten. Aldiz, aurka bozkatu zuten PSE-EE eta Hamaikabat udal taldeetako ordezkariek. 

Honatx, Usurbil Zero Zabor taldeak aurkeztu eta uztailaren 23an udalbatzak onarturiko mozioak dioena, bere osotasunean:


Eragindako kalteen aitortza egin eta KONPROMISO ETIKOA onartzeko mozioa:

Aspaldi heldu genion Usurbilgo herritarrok, herrian hiri hondakinekin geneukan arazo larriari. Arazoa ezkutalekutik atera eta  mahai gainean jartzea lortu genuen. Gure herrian hiri hondakinak gaika biltzen ditugu, industri poligonoetakoak barne. Beraz, sistema integral bat daukagu. Lehen helburu nagusia, ahalik eta gehien gaika biltzea da, eta bide horretan aurrerapausu handia eman badugu ere, hobetzen jarraitzeko erronkari atxiki behar gatzaizkio eten gabe. Zero Zabor norabidean badago zer hobetua, guk sortutako hondakinen hainbat tona, beste herrietan dauden zabortegietara bidaltzen baititugu oraindik ere. Beste herritar batzuk pairatzen dituzte guk sortutako zabor zati baten ondorioak. 

Usurbildarrok errealitate horren jakitun izan behar dugu, eta guk eragindako kalteak pairatzen dituztenekiko begirune osoz jokatzea dagokigu. Geuretzat nahi ez duguna ezin diogu auzo-herriari opa. Ez dugu nahi, usurbildarrak geurekoitzat har gaitzaten, gizalegez jokatu nahi dugu eta arazoei arduraz ekin. Arazoak konpontzearen alde gaude, eta ez, erosotasuna aurrejarriz, arazoa beste herri bati pairatu araztearen alde. Arazoa zaborra da, eta konponbidea, ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortutakoak ez nahastea. Usurbildarrok zor bat daukagu guk sortu, baina nahi ez dugun zaborra jasotzen duten herrietako biztanleekin. Ahalik eta kalterik gutxiena sortzea da zor horri erantzuteko era bakarra. Hori da hain zuzen ere gure KONPROMISO ETIKOA.

Hori guztia kontuan hartuz udalbatza honek ondorengoa erabaki du: 

·Udalak, usurbildarron errefusa jasotzeko zabortegiak dituzten herrietako biztanleei ahalik eta kalterik txikiena eragiteko KONPROMISO ETIKOA bere egiten du, eta hori bete ahal izateko ondorengo neurriak hartuko ditu:

o Ahalik eta hondakin gutxien sortzeko burutu ditzakeen ekintzak aztertuko ditu.

o Sortutako hondakinak nahasi gabe biltzeko emaitza hoberenak lortzen dituen gaikako bilketa sistemak ezarri, eta eten gabe hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen du.

o Herritarren parte hartzea bultzatuko du, herritarrak ondo informatuta egon daitezen, herritarrek, hemen aipatutako konpromisoak betetzea bermatuko duten proposamenak egin ditzaten, eta konpromiso etiko horiek betetzen dituzten proposamenen artean erabaki dezaten.

 

·Udalak, hartutako erabaki honen berri herritar guztiei emango die.

 

Usurbilen, 2013ko ekainaren 14ean.