Jaiak dantza batean etorri, ospatu eta joaten dira, Atxegalden bezala. Ostiralean abiatuko diren auzoko jaiek, abesten eta gerri buelta mugitzen jarriko gaituzte. Eta baita izerdi patsetan ere. Jai Batzordeak diseinatu duen egitarauaren baitan, eta berrikuntzei dagokienez, zumba saioa programatu dute igande arratsaldeko 19:00etarako. Egokia zalantzarik gabe, asteburuan zehar pilatzen joandako "ajea" gainditzen laguntzeko.
Edozein kasutan, egunez bakarrik ez, dantza eta musika gauez ere uztartuko dira Atxegaldeko jaietan. Hasteko, ostiral gauean, herriko talde batek estreinatuko du kontzertuen tartea. Jada sare sozialetan iragartzen ari dira Luken Arkarazo, Beñat eta Joanes Txueka eta Jokin Irastorza laukotea, bidean badatorrela, plazaratzear dutela euren lehen lana. Aurretik ordea, Atxegaldeko festetan izango dira ostiral gau honetan, 23:00etatik aurrera. Odolaren Mintzoa taldeaz ari gara. Eurekin batera, lehen kontzertu gauean parte hartuko dute baita Zesatek taldekoek, eta goizaldera arte erromeria giroa ziurtatuko duen Laiotz taldeak ere.
Erromeria giroa baita larunbat gauean. The Hastelens taldekoek girotuko duten herri afariaren ostean, Ingo al deu taldekoak bueltan datoz auzora, bertan direnak dantza batean jartzera. Eta haren ostean, Dj Guderen txanda. Goizaldera arte parranda giroa beraz, Atxegaldeko plazan.
Sare sozialetan
Aipatu bestalde, atzotik Atxegaldeko festek sare sozialetara jauzi egin dutela. Twitterren kontua zabaldu du Jai Batzordeak, hauxe helbidea: @Atxegaldkojaiak. Dagoeneko prestaketa lanen argazki eta mezuak zintzilikatu dituzte jaietako antolatzaileek.
Gogoan izan, hauxe abuztuaren 30etik irailaren 1era Atxegaldera gerturatu eta aurki dezakezuna:
Abuztuak 30, ostirala
14:30 Bazkaria trikitilariekin.
17:30 Kalejira.
20:00 Txupinazoa. Jarraian, txoznen irekiera eta luntx mundiala.
23:00 Kontzertuak: Odolaren Mintzoa, Ze Esatek!, Laiotz.
Abuztuak 31, larunbata
11:00 Haurrentzako jokoak eta opari banaketa.
14:00 Herri bazkaria, norberak etxetik ekarrita. Edaria eta postrea, Jai Batzordearen esku.
16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea).
18:30 Ipuin kontalaria.
Ondoren, txokolatada.
21:00 Herri afaria, The Hastelens taldeak girotuta.
Gauean, kontzertua: Ingo al deu.
Ondoren, DJ Gude.
Irailak 1, igandea
12:00 Aizkolariak.
12:30 Hamaiketakoa Alkorta Autoserbitzuaren eskutik.
16:30 Toka txapelketa.
18:00 Tortilla patata txapelketa.
19:00 Zumba saioa.
22:30 Azken traka, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik.