2020rako erronka, 5.000 tona CO2 gutxiago isurtzea

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 27a, 00:00

Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Plana izan zuten beste aztergaietako bat udal ordezkariek, uztailaren 23rako deitua zegoen osoko ohiko bilkuran. Udalbatzak aho batez onartu zuen, 5.324 tona CO2 gutxiago isurtzea ahalbidetzea aurreikusten duen egitasmoa. 2020. urterako %20 murriztu nahi da aipatu isurpena, 2011ko azaroaren 29an, eta "Europar Batasunaren energia-politikaren helburuetatik haratago joateko asmoz", udalbatzak aho batez onarturiko Alkateen Itunak jasotzen duen moduan. Alor honetan, Usurbilgo egoera nolakoa zen aztertua duen diagnosi dokumentuan oinarritua dago plana.

2007. urtea proposatzen da, 2020ra arte jarraitu beharreko estrategia zehazten hasteko erreferentzia urte modura. Planaren helburua betetzeko, bost ildo estrategikoetan banaturiko 58 neurri jasotzen ditu Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Planak. Lan ildoak honakoak dira: efizientzia energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasuna, hondakinak, ura eta inguru naturala. Isurpen gehienak sortarazten dituztenak izanik, mugikortasun eta energia lan ildoak izango dira Udalaren jomuga nagusiak. Plan honen bidez, "Udal sailean, bizitegietan eta zerbitzuetan" eragin nahi da:

UDAL SAILA
Inbertsioa: 1.348.273 euro (aurreikusiak).
Isurpen murrizpenen %63 suposatzen du.
Ekintzak: udalaren menpeko eraikin eta instalakuntzen efizientzia energetikoa areagotzea, ur aurrezpenak, hondakinen kudeaketa aldaketak...

BIZITEGIAK
Isurpen murrizpenen %37 suposatzen du.
Ekintzak: etxebizitzetako efizientzia energetikoa areagotu, mugikortasun iraunkorreko ohiturak ezarri, garraio publikoen sustapena, ibilgailu eraginkorren eskuratzea sustatzea (eta euren erabilera minimotara eramatea)...

ZERBITZUAK
Isurpen murrizpenen %0,5a suposatzen du.