Abuztua amaitzear, udako azken txanpan jada, iraila heltzearekin batera ohiko ordutegira bueltatuko dira Usurbilgo zenbait zerbitzu. Oiardo Kiroldegia esaterako. Uztailan eta abuztuan zehar, urte garai honetako ordutegia indarrean izan du. Abuztuaren 1etik 25era itxita egon da kiroldegia. Baina astelehenaz geroztik zabalik dago berriz. Irailan sartzearekin batera, ohiko ordutegira itzuliko da Oiardo. Denboraldi berriko ikastaro eskaintzan izen emateko epea ere irekiko dute berriz.
Abuztuan itxita egon den beste guneetako bat, KzGunea dugu. Irailaren 2an, datorren astelehenean irekiko dute berriz. Txandaka, hilabete batean goizez eta hurrengoan aldiz arratsaldez zabaldu ohi dute. Irailean, 9:00-13:00 artean irekiko dute. Egun berean itzuliko da bidera, Kaxkoa landa eremuarekin lotzen duen bus-taxi zerbitzua ere. Abuztuan ez da zerbitzurik egon, uztailean goizez bakarrik. Astelehenetik aurrera ordea, bus-taxiak ohiko ordutegia izango du. Garraio zerbitzuaz ari garela, ezin ahaztu bestalde, Euskotrenek eta Lurraldebusek ere neguko ordutegiak indarrean izango dituztela irailetik aurrera. Urtero moduan, NOAUA!-k herriko garraio zerbitzuen ordutegiak kaleratuko ditu datorren hilean.
Liburutegia
Astebete beranduago, Udarregi Ikastolan 2013-2014 ikasturtea abiatuko duten egun berean, irailaren 9an itzuliko da ohiko ordutegira Sutegi udal liburutegia ere. Azken bi hilabeteotan, goizez egon da zabalik. Irailaren 9tik aurrera aldiz, ohiko ordutegia izango du.
Honatx, aipaturiko Usurbilgo zerbitzuen ordutegiak, irailetik aurrera:
OIARDO KIROLDEGIA (irailetik aurrera)
-Astelehenetik ostiralera: 7:00-12:30 eta 14:30-22:00 (igerilekua 21:00ak arte).
-Larunbatetan: 9:00-21:30 (igerilekua 21:00ak arte).
-Igande eta jai egunetan: 9:00-13:30 (igerilekua 13:00ak arte).
KZ GUNEA (irailaren 2etik aurrera)
-Astelehenetik ostiralera: 9:00-13:00.
BUS TAXIA (irailaren 2tik aurrera)
-Astelehenetik ostiralera: 7:30-8:30, 10:30-11:30, 13:00-14:00, 15:30-16:30 eta 19:00-20:00.
SUTEGI UDAL LIBURUTEGIA (irailaren 9tik aurrera):
-Astelehenetik ostiralera: 10:00-13:00 eta 16:00-19:30.
-Larunbatetan: 10:00-13:00.