Emakumeentzako ahalduntze ikastaro berria, komunikazioari loturikoa

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 28a, 00:00

Eraginkortasunez komunikatzen ikastea, horixe da Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak antolatu duen emakumeentzako ahalduntze ikastaro berriaren helburua. Urriaren 7an abiatuko da. Saioak, ostegunero izango dira, arratsaldeko 17:00etan hasi eta bi orduz, 19:00ak arte. Yoga klaseak eskaintzen diren lokalean bideratuko da ikastaroa, Pepa Bojo psikologoaren gidaritzapean. Ikastaroa, "gai honetan interesa duten emakumeei, norberaren ezagutzan sakondu nahi dutenei eta/edo egoera jakin batean komunikatzeko baliabide gehiago eduki nahi duten emakumeei" zuzendua dago. 

Ikastaroan izen emateko epea, astelehenean, irailaren 2an zabalduko dute. Hilabeteko tartea egongo da apuntatzeko, urriaren 2ra arte hain zuzen. Izen emateko, Udalaren Parekidetasun Sailera deitu behar da, 943 371 110 telefono zenbakira edota bidali mezu bat parekidetasuna@usurbil.net helbidera. Ikastaroa doakoa da.

"Guraso eta seme-alaben arteko ulertze tailerra"
Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak antolaturiko ikastaroa da honakoa. Urrian abiatu eta apirilera arte luzatzea aurreikusia dagoena. Saioen datak aurrerago zehaztuko dituzte. Izen emateko epea ere aurrerago irekiko da, irailaren 19tik 26ra hain zuzen, hitzaho@udarregi.com helbidean. 30 euroko ordainketa egin beharko da, 3035 0140 33 1400024098 kontu korronte zenbakian. Bertan, ikastaroan parte hartuko duenaren izen abizenak, eta haurraren izena eta kurtsoa adierazi beharko dira. Ikastaroa HH, LH eta DBHko gurasoei baitago zuzendua. Nerea Mendizabal psikopedagogoa eta haur masajeko orientatzaileak bideratuko du ikastaroa Udarregi Ikastolan.