Lapurreta delitua egotzi die Ertzaintzak bi lagun hauei. Lapurreta saiakera atzo goizaldeko 5:15 aldera gertatu zen Usurbilen. Antza, bi lagun Puntapax kalean dagoen taberna batean sartu zirela ohartu zen herritar bat eta Ertzaintzari deitu zion. Ertzainak gertaera lekura bertaratu eta taberna barruan lagun bat zegoela ohartu ziren. Lagun hau Ertzaintzaren presentziaz jabetu eta Kaxko aldera ihes egin zuen. Ertzainak atzetik, metro gutxira atxilotu zuten. Ertzaintzak prentsa ohar bidez berri eman duenez bestalde, beste ertzain talde bat gertatutakoaren lekuko izan zenarekin zeuden. Herritar honek, ustezko beste lapurraren deskripzioa eman zien ertzainei, baita nondik ihes egin zuen ere. Ertzainak ustezko bigarren lapur honen bila abiatu ziren.
Atxilotu berria zen lapurretako batek une hartan mugikorrean dei bat jaso zuen eta dei honek, bigarren lapurrarekin zuen lotura baieztatu baino ez zuen egin. Ustezko bigarren lapur hau ere aurkitu zuen Ertzaintzak. Azkenean, bi lagunak atxilotu zituzten, indarrez eginiko lapurreta delitua egotzita.
Ez da azken aldian Usurbilen gertatu den lapurreta bakarra. Iragan abuztuaren 1ean, goizaldean baita, Kaxkoko saltoki bateko beirak hautsi eta saltoki barruan lapurreta egin zuten. Lapurrek gero ihes egin zuten.