Hamar kilometro ordutik gorako abiadan ezin da igaro Aginagako erdigunetik. Hala gogorarazten dute Arrate zahar egoitza parera heltzeko dauden bi sarbideetan. Azken asteotan egoitza atarian egitekoak ziren lanak amaitu dituzte jada. Altuna y Uria enpresak bideraturiko obrek iraun duten artean itxita egon ostean, guztiz zabalik da berriz pilotalekua inguratzen duen pasabidea. Gogoan izan, ibilgailuen joan etorria mugatu nahi zuten Aginagako Ariztitxo frontoiaren bueltan. Hainbat “pibote” jarri dituzte horretarako. Autoen mugimendua mugatzearekin batera, Eliza Zaharrera, eskolara, frontoira, ludotekara edota zahar egoitzara doazen oinezkoak aurrera eta atzera ibiltzeko lehentasuna izatea bermatu nahi zen.
Honez gain, lurzorua ere berritu dute, zenbait lekutan puskatua baitzegoen. Eta bada begi bistako beste aldaketarik ere. Orain arte, Aginagako herri ikastetxe atariko plazatxoan zegoen haur parkea lekuz aldatu baitute. Frontoi atzean du kokagune berria. Eskalatzeko aukera ematen duen tramankulu bat erantsi diote gainera, eta hesiekin babestua egongo da aurrerantzean. Haur parkea lekuz aldatu ahal izateko, erabiltzen ez zen pilotalekuko gune horretako eskenatokia behera bota behar izan dute.
Uztailaren 8an abiatu zituzten lanen beste helburuetako bat ere bete da. Epearena. Laster abiatuko baitute 2013-2014 ikasturte berria Aginagako Herri Ikastetxean eta ordurako Udalak amaituta nahi zituen lanak. Obrak amaitzeko epea, bistan denez, garaiz bete dute.
Hala ere, etorkizunari begira, egin diren lanetatik haratago joateko asmoak hor jarraitzen du. Erronka, Aginagako erdigunea guztiz oinezkoentzat izatea litzateke. Eta ibilgailuak, mugatua duten egungo pasabidea izan ordez, frontoiko ezker horma atzealdetik igarotzea. Horiek ordea, aurrerago aztertu beharreko kontuak izango dira.
Aginagako Eliza "zaharra"
Kaxko eraberrituari, laster, Eliza "zaharra" batuko zaio. Hura ere, barrutik eraberritzen ari baitira auzolanean aginagarrak. Urria hasieran ospatuko diren San Praixkuetarako amaitu asmo dituzte lanak. Azken txanpan dira jada. Jaietarako soilik ez, erabilera anitzeko gune gisa baliatuko dute aurrerantzean, garai bateko eliza.