Odol erreserbetan izandako beherakadaz kezkatuta

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 29a, 00:00

Opor garaiak eragina du baita, besteak beste, odol emateetan ere. A- eta O- multzoetako odol erreserbak murriztu direla eta, kezkatua dago Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartea. Zehazkiago esanda, O- multzoko odol erreserbak %60 egin omen du behera, gaur BERRIAk jasotzen duenez. Odol multzo honetako herritarrei deialdi berezia ere egin zaie. "Bizpahiru ebakuntzetan odol mota hori beharko balute, adibidez, Gipuzkoan egun gutxiren buruan amaituko lirateke erreserbak. Dena den, ospitaleek ere odol erreserba propioak izaten dituzte", dio BERRIAk. 

Gogoan izan, Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak datorren astelehenerako, irailaren 2rako jarria du hitzordua anbulatorioan. Ohiko ordutegian eman ahal izango da odola; arratsaldeko 18:00etatik 20:30etara. Hauexek dira odola emateko bete beharreko baldintzak:

1 -
 Adina: 18 eta 65 urte bitartean.
2 - Pisua: 50 kg-tik gora.
3 - Tentsio diastolikoa (baxua): 50 mmHg eta 100 mmHg artean.
4 - Tentsio sistolikoa (altua): 100 mmHg eta 180 mmHg artean.
5 - Pultsua: Erregularra eta 50 eta 110 pultsazio bitartean.
6 - Gizonen Hemoglobina-kopurua: 135 Gr-tik gora/litroko.
7 - Emakumeen Hemoglobina-kopurua: 125 Gr-tik gora/litroko.
8 - Gizonen odol-emanaldien maiztasuna: gehienez 4 aldiz urtean.
9 - Emakumeen odol-emanaldien maiztasuna: gehienez 3 aldiz urtean.
10 - 2 odol-emanaldien arteko gutxieneko epea: 2 hilabete.
11 - Baraurik ez da odolik eman behar.
12 - Osasun normal bat edukitzea: odola eman aurretik, talde medikuak historia bat egiten du eta miaketa bat ere bai, odola emateko aukerarik dagoen ikusteko.
13 - Hepatitisa edo HIES kutsatzea errazten duten arrisku-jokabiderik ez edukitzea.
14 - Azken urtean paludismo edo txagak izan diren gune endemikoetara bidaiatu ez izana. (Hego edo Ertamerikako, Afrikako eta Asiako zenbait herrialde).