Ikastaro berria antolatu dute Usurbilgo Udaleko gizarte zerbitzuek; "menpekotasuna duten pertsonen senideentzako formakuntza orokorra". Zaintza lanetan diharduten herritarrentzako lagungarria izango da ikastaroa. Bertan, menpekotasuna, gizarte zerbitzuetako baliabideak, legea eta etika, zaintzaileen zaintza eta laguntza teknikoak, gaiok eta beste batzuk jorratuko dira. Guztira, irailean hasi eta urrira arte luzatuko diren bost saio izango dira. Honatx, formakuntza ikastaroaren egutegia: irailak 11, 18, 25 eta urriak 2 eta 9. Saioak beti bazkalostean eskainiko dira, 15:00-17:00 artean Potxoenean. Eta adi, izen emateko epea irekita baitago, baina datorren astean itxiko baita; irailaren 6an. Apuntatzeko, Gizarte Zerbitzuetara deitu, 943 371 110 telefono zenbakira.
Formakuntza ikastaro hau Sendian izeneko egitasmoaren baitan antolatu da. Sendian programari buruzko zehaztasunak, joan den maiatza amaieran aldizkarian kaleraturiko artikulu batean jaso genituen. Honatx:
Zaintzaileak zaintzen
Zenbat lagun ari ote da egun, mendekotasuna duen bikote laguna, ama, aita… zaintzen. Isilpeko lan ikusezina burutzen dute egunerokoan, zaintzen ari diren gertuko senideak ahalik eta bizi kalitate onena izan dezan. Ondoan izan eta laguntza behar duen senideari nola lagundu asmatzea, eginkizun hauetarako behar beste baliabide tekniko eskura izan edota emozionalki zaintza lan horri aurre egiteko indartsu egotea ordea, ez da beti erraza izaten.
Nork zaintzen du bere bizimodua gertukoak laguntzera bideratzen duen zaintzailea? Zaintzailea babestu, eta zaintzen ari den adineko senideari arreta hobea emateko laguntzera dator, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Sendian programaren baitan, Gizarte Zerbitzuetatik ekainerako antolatu duten doako prestakuntza ikastaroa. Zaintzailea zaindu beharra baitago, zaintzaileak bere zaintza lana ere egoki bidera dezan.
Ekaineko lehen hamabostaldian burutuko den lau saioko ikastaroa, etxean mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileei zuzendua dago. Formazio ikastaroa da. Eta bertan, mendekotasun egoeran den senidea nola zaindu, zaintzaileak bere burua ere berdin, nola zaindu dezakeen ikasteko aukera aparta egongo da. Zaintzailearen lan karga eta autozaintzarako estrategiak, sentimentuen kudeaketa, zaintzarako teknikak eta mendekotasuna duten pertsonekiko komunikazioa…gai hauetan eta beste batzuetan sakonduko da.
Prestakuntza prozesuaren hasiera
Potxoenean ekainaren 4,5, 11 eta 12an burutuko den ikastaroa, Karmele Gurrutxaga psikologoak bideratuko du. Izen ematea irekita dago ekainaren 3ra arte. Interesdunek, Gizarte Zerbitzuetara deitu baino ez dute. Hauxe, bertako telefono zenbakia: 943 377 110. Formazio eskaintza hau doakoa da.
Hurrengo astean abiatuko den ikastaroa, prestakuntza prozesu baten hasiera baino ez da. Gizarte Zerbitzuetatik, egitasmo honi udazkenean jarraipena ematekotan baitira. Prozesu honetan zehar, zaintzaileek mendekotasun legearen oinarrizko ezagutzak jaso ditzakete, mugikortasunari begira dauden laguntza teknikoen berri izan, tutoretza gaiak landu, eta sarri, zaintzaileak gainean daraman “zama” emozionala arintzeko laguntza psikologikoa ere jaso dezake.
Sendian programaren baitan antolatu da ekaineko ikastaro hau. Baina formazio saio hauez gain, zaintzaileentzako laguntza gehiago ere eskaintzen du Sendian egitasmoak. Adibidez, senideek eurentzat denbora, atseden hartzeko tartea izan dezaten, mendekotasuna duen adineko pertsona egoitza batera eramateko aukera dago. Oporraldietan, edo egun batzuetarako. Ordu batzuetarako baldin bada, senideek helburu berarekin, Usurbilgo Eguneko Zentroa ere baliatu dezakete. Etxean egon daitezkeen oztopo arkitektonikoak ezabatzeko laguntzak eskatzeko aukera ere ematen du.
Laguntza eskaintza zabala
Ekaineko ikastaro honekin abiatu eta uda ostean jarraipena eman asmo dioten prozesuaren amaieran, asmoa herrian talde bat osatzea litzateke. Maiztasun batekin bilduko litzatekeena. Profesional batek bideratuko luke, eta zaintzaileen bizipen eta esperientziak elkar trukatu eta talde kideekin partekatzea bultzatu nahiko litzateke bilgune honetan.
Duela bi urte antolatu zen Gizarte Zerbitzuetatik, alor honetako beste ekimen bat. Formazio esperientzia hartan parte hartu zutenek, oso lagungarritzat jo zuten bertan ikasitakoa. Gizarte Zerbitzuetan, zaintzaile lanetan jardun eta formazio ekimen hauetan parte hartu izan dutenek aldea sumatu dutela nabarmentzen dute. Ondo edo gaizki ari diren zalantza egitetik, urduritasuna izatetik, lasaitasun handiagoz hartzen dutela euren zaintza lana. Ez direla bakarrik sentitzen. Norberak bizitakoa, ikastaro horretan parte hartzen ari den beste zaintzaileei ere gertatzen zaiela jabetzen direla. Eta euren jarduna, batzuetan iruditzen zaiena baino hobeto egiten ari direla. Formazio prozesu hau ere baliagarria da noski, hobetu daitekeen hori ere hobetzeko. Laburbilduz, eguneroko zaintza lana erraztu, zaintzen ari diren pertsonari arreta hobea eskaini eta zaintzaileak ere bere burua babesteko laguntza eman nahi da egitasmo honen bidez.