Berrerabilera sustatzen Garbigunean

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 29a, 00:00

Iazko udan inauguratu zuten, ordura arte Kalezarko Pikaolan eta ordutik, Atallun kokatua dagoen Garbigunea. Ez da bakarrik tamaina handiko gaiak jaso edota hiri hondakinak biltzeko larrialdi toki funtzioak betetzen dituen tokia. Berrerabilera ere sustatzen baitu Garbiguneak. Jada erabili ez edo behar ez ditugun etxe tresna, haur jolas, aparailu eta bestelakoak utzi daitezke Atallun kokatua dagoen eraikinean. Utzi bakarrik ez, gai batzuk bertara eraman eta beste batzuk har daitezke, guztia doan. 

Gaur goizean Garbigunera gerturatu garenean, bazen bai zer ikusi eta aukeratua. Inprimatzaileak, telebistak, patineteak, esekigailuak, haurren kotxe kapotak, bi kanpin denda handi, bizikleta estatikoa, ispilua, liburuak, haur jolasak... Garbigunean dagoen gaien zerrenda noski, aipaturikoa baino luzeagoa da. Bertara joan eta gustuko den gai hori hartu eta unean bertan eraman liteke. Edo bestela, erreserbatuta utzi eta beste une batean aukeraturiko gai hori hartzera joan. 

Abuztuan zehar, Garbigunea arratsaldetan itxita egongo da. Astelehenetik, irailaren 2etik aurrera ordea, ohiko ordutegian egongo da zabalik:

-Astelehenetik ostiralera: goizez, 10:15-13:00 artean; arratsaldez, 16:00-19:00 artean.
-Jai egunak ez diren larunbatetan: 9:00-13:00 artean.

Informazio gehiago: 943 21 49 77 edo sanmarko@sanmarko.net