Usurbil Judo Kluba, kadeteen mailako munduko txapelketan

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 29a, 00:00

Goi mailako txapelketetan beste behin, Usurbil Judo Kluba. Oraingoan, Xabier Cazorla kadete mailako judokak Miamin ospaturiko mundu mailako txapelketan parte hartzeko aukera izan du abuztu hasieran. Bi borrokalditan parte hartu zuen. Baina arerioa, Ramazanov errusiarra, munduko txapeldun izandakoa zela aintzakotzat hartuta, Cazorlak ez zuen ezer egiterik izan. Lehen zortzi sailkatuek, 2014an Nanjingen (Txina) ospatuko diren Olinpiar Jokoetan lehiatzeko plaza lortzeko aukera izan zuten.

Usurbil Judo Klubeko kideak, Coimbran (Portugal) dira egunotan, www.jcusurbil.com blogetik berri ematen ari direnez. Klubeko 18 judoka han dira bihar arte. Beste bost judoka, larunbatean Japoniara doaz entrenatzera. Usurbil Judo Klubeko kide gehiago ere Usurbildik kanpo ibili dira azken aldian. Aiora Arrillagak esaterako, Castelldefelsen (Herrialde Katalanak) nazioarteko entrenamendu saioetan parte hartu zuen uztailean. Paula Vicente, Itsasne Arruabarrena eta Nestor Laca berriz, Portugal aldean ibili dira, Santaramen. 

Garaipenak
Ezin ahaztu noski, uda partean ere, Usurbil Judo Klubeko kideek lortu dituzten hainbat garaipen. Brontzezko domina bana irabazi zuten, Nerea Arrutik (-70 kg), Aiora Arrillagak (-48 kg) eta Egoitz Morak (-100 kg) ekainean Getafen ospaturiko Espainiako Txapelketan. Eta gertuago, Hernanin ospaturiko alebinen mailako Gipuzkoako Txapelketan ere, honakoa da Usurbil Judo Klubak eskuraturiko domina sorta:
-Urrezkoa: Delia Medices (-30 kg), Paula Santa Maria (+52kg).
-Brontzezkoa: Mario Rodriguez (-31kg), Ibai del Rincon (-37kg), Iker Lopez (-40kg), Ruben Perez (-44kg), Maddi Granados (-30kg), Leire Martinez (-42kg) eta Miriam Trimiño (+52kg).
-Zilarrezkoa: Jonathan Martin (-31kg).