Jaietan da Atxegalde

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 30a, 00:00

Joxelontxo´s txarangakoak dituzue irudietan, Mikel Laboa plazan behera datoz. Kaxkoan zehar dabiltza, Atxegaldeko Jai Batzordekoekin batera, kalejiran, auzoko festei hasiera emango dien txupinazoa jaurtitzeko, ordubete eskas geratzen den honetan.

Heldu baita eguna. Txozna, karpa edota kontzertuen eskenatokia prest, auzoko balkoietan ere ospakizun asteburua ate joka dagoela iragartzen duten oihal laranjak zintzilik, eta datozenei ongi etorria emateko, ikurriñak apaingarri gisa kalean nahiz plazan. Asteburu "mugitu" batean murgiltzeko prest da Atxegalde. Gaur abiatuko dira auzoko festak, 20:00etan jaurtiko den txupinazoarekin. 

Suziria jaurti, txozna ireki eta luntxa dastatu ahal izango da auzoko plazan. Afalosterako dago iragarria asteburu luze honetako lehen hitzordua, kontzertu gaua hiru talderekin; lehen lana kaleratzear duten Odolaren Mintzoa herriko taldearekin, Ze Esatek! jarraian, eta gaua borobiltzeko erromeria giroa, Laiotz taldekoekin.

Haur jokoak eta musa
Haurrei zuzenduriko ekitaldiekin esnatuko da jaietako bigarren eguna. Bihar goizeko 11:00etatik aurrera jokoak ospatuko dira, arratsaldean ipuin kontaketa saioa eta txokolate jana. Eta tartean, herri honetan zaletu ugari dituen mus txapelketa, 16:00etatik aurrera. Ordu erdi lehenago, 15:30etan irekiko da lehiarako izen ematea. Karta jokoan parte hartu asmo duen bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Jokaldi onena burutzen dutenek, adi, opari ederrak irabazteko aukera izango dute:

1-Txapelak, kopak, arkumea, mariskada eta bi txanpain botila.
2-Kopak, lau untxi, mariskada eta bi txanpain botila.
3-Kopak, lau txuleta eta bi txanpain botila.
4-Kopak, saiheskia eta bi txanpain botila.

Herri afaria, The Hastelens taldekoekin
Bigarren jai eguna, larunbat honetakoa, herri afari baten bueltan borobilduko dute Atxegalden. Afari musikatua izango da, auzokideak partaide dituen The Hastelens taldekoek girotuko baitute, Josune Aranbururen lekukoa hartuz. Gaueko 21:00etan hasiko da. Afaritara joateko txartelak aldez aurretik eskuratu behar dira. Egunotan salgai egon dira 15 eurotan, Artzabalen, Irratin eta Atxegaldeko Alkorta saltokian. Afalosterako, Ingo al deu taldea eta Dj Gude goizaldera arte.

Zumba, "ajearen" aurka
Aizkolariak goizean, eta arratsaldean toka eta patata tortilla lehia. Txapelketen eguna izango da igandekoa. Eta jaiak amaitzeko, Jai Batzordetik iragarri duten proposamen berri bat; zumba saioa, etzi, 19:00etatik aurrera. Aurreko bi parranda egunetako ajea gainditzen laguntzeko egokia.

Eta festak bukatu noski, kolore eta burrunba artean amaituko dira, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik. Honatx, astebururako Atxegalden iragarria dagoen egitaraua:



Abuztuak 30, ostirala
14:30 Bazkaria trikitilariekin.
17:30 Kalejira.
20:00 Txupinazoa. Jarraian, txoznen irekiera eta luntx mundiala.
23:00 Kontzertuak: Odolaren Mintzoa, Ze Esatek!, Laiotz.

Abuztuak 31, larunbata
11:00 Haurrentzako jokoak eta opari banaketa.
14:00 Herri bazkaria, norberak etxetik ekarrita. Edaria eta postrea, Jai Batzordearen esku.
16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea).
18:30 Ipuin kontalaria. 
Ondoren, txokolatada.
21:00 Herri afaria, The Hastelens taldeak girotuta. 
Gauean, kontzertua: Ingo al deu.
Ondoren, DJ Gude.

Irailak 1, igandea
12:00 Aizkolariak.
12:30 Hamaiketakoa Alkorta Autoserbitzuaren eskutik.
16:30 Toka txapelketa.
18:00 Tortilla patata txapelketa.
19:00 Zumba saioa.
22:30 Azken traka, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik.

Atxegaldeko festak sare sozialetan, Twitterren: @Atxegaldkojaiak.