Donostia suntsitu zuteneko 200. urtemuga, Zubietan ere oroituko dute

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 30a, 00:00

Larunbat honetan, abuztuaren 31n Donostia suntsitu zuteneko 200. urtemuga beteko da. Azken asteotan, eta bihar bereziki, oroituko da duela bi mendeko sarraskia hiriburuko Alde Zaharrean. Baina baita Zubietan ere, astebete barru. 1813ko abuztuaren 31n hiria suntsituta geratu ostean, egun gutxira, Zubietako Aizpurua etxean, Donostia berreraikitzea erabaki baitzuten biktimen ordezkariek. Urte bereko irailaren 8an eta 9an izan zen.

Urteurren honen harira, egun hauen bezperan, datorren larunbatean, irailaren 7an, "pertsona haien lana ezagutarazteko eta goraipatzeko" omenaldia antolatu dute eguerdiko 12:00etan, Zubietako Aizpurua etxean bertan. Omenaldiarekin batera ekitaldi gehiago burutuko dira, aipatu eraikinaren bueltan. Bide batez, Bigarren Mendeurrenaren programa kolektiboa posible egin dutenak ere omenduko dituzte. Hilaren 7rako Zubietan iragarriak dauden hitzordu guztiak irekiak izango dira, bertaratu nahi duen edonorentzat.

Omenaldi honen zehaztasunen berri emango dute antolatzaileek datorren asteartean. Bitartean, honatx Donostiaren suntsiketaren 200. urtemugaren inguruko informazioa eskaintzen duen web orrialdeko helbidea:

http://www.donostia.org/taxo.nsf/fwNweb?ReadForm&idioma=eus&id=A397745&doc=Area