Datozen epaiketen harira Eleak mugimenduak deituriko ur harresia eta herri plataformen koordinadoraren eskutik, errausketaren aurkako giza-katea antolatu dira, Kontxako Bandera jokatuko den datozen bi jardunaldietarako. Hasteko, igande honetan, irailaren 1ean, "Babestu gure traineru laranja" lemapean, uretara eraman nahi duen herri harresia antolatu du Eleak mugimenduak, irailetik aurrera abiatuko diren epaiketen harira. Tartean, gogoan izan, urriaren 17an abiatuko dela 35/02 sumarioari loturikoa. Ezker abertzaleko hainbat ordezkariren eta herriko tabernen aurkako epaiketa (Usurbilgo Aitzaga Elkartea dago tartean).
Honen harira, ur harresia eraikitzera deitu dute. Hitzordua igande honetan, irailaren 1ean, eguerdiko 12:30etan, Donostiako kaian dagoen arrapalan.
Errausketaren aurkako giza-katea, irailaren 8an
Eta kaitik Kontxako hondartzara. Alderdi eder paretik aipatu hondartza honetara jaisteko dagoen pasabidean jarri baitu hitzordua irailaren 8rako, goizeko 11:30etan, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak. Jada hamargarren ediziora heldu den giza-katea deitu dute, ""Birziklatzeari bai! Errausketarik ez! Ez hemen, ez inon" lemapean.