Usurbilgo Gaztetxekoen eskertza, urteurrenaren harira

Noaua Aldizkaria 2013ko abu. 30a, 00:00

Alkartasuna kooperatibaren egoitza ohia okupatu zutenetik urtea bete berri den honetan, eta aurreko astean burutu ziren ospakizun ekitaldien harira, eskerrak helarazi dituzte Usurbilgo Gaztetxeko kideek, sare sozialen bidez. "Eskerrik asko bihotz bihotzez ekimenak antolatzen lagundu eta ekimenetan protagonista izan zareten guztioi! Eta eskerrik asko baita ere astean zehar gaztetxera gerturatu zareten bisitari eta parte hartzaile guztiei! Herritik herriarentzat, herri bat gaztetxe bat!... ametsak aurrera darrai!", adierazi dute. 

Bide batez, abuztuaren 19etik 24ra antolaturiko hitzorduetan ateratako argazkiekin bilduma osatu eta Facebooken duten orrialdean erakusgai jarri dute. "Aurreko asteko argazki gehiago! Egun ederrak bizi izan ditugu: mural-pintaketa, Andatzan gaupasa, mus txapelketa, antzerkia, erromeria, bertso musikatuak, kantu-bertso bazkaria, jolasak.. eta arrakasta itzela izan zuen bertsio gauarekin amaiera ezin hobea eman genien ospakizunei", berri eman dute Usurbilgo Gaztetxetik. 

Irudia: Usurbilgo Gaztetxea.