Haur eta gaztetxoei zuzenduta Usurbilen antolatu ohi diren ekitaldiek harrera beroa izaten dutela argi dago. Horren erakusgarri izan dira gaur goizean zehar, Atxegaldeko festetan ospatu diren jokoak. Jaietako plazaren goiko eta beheko aldea, guraso eta haurrez bete da. Artista txiki asko dagoela frogatua geratu da. Marrazten aritu dira haurrak, baita aulki jokoan, begiak estalita sorpresaz beteriko lorontziak puskatzen, korrika hainbat probatan...
Zuten guztia eman dute haurrek, baita Jai Batzordekoekin batera, jokoak ospatzeko laguntza eskaini duten hainbat gurasok ere. Azken urteotan, Atxegaldeko jaietako antolatzaileak Haurren Eguna auzoko aita amekin batera prestatzeko ahaleginean dihardute eta.
Aipatu moduan beraz, haur jokoekin esnatu zaigu Atxegaldeko festetako bigarren eguna. Larunbat hau, abuztuaren 31 hasi besterik ez da egin ordea. Eguerdirako hainbat lagunek plana egin dute jaietako plazan, karpa azpian bazkaltzeko. Jatekoa norberak eraman beharko du. Edaria eta postrea Jai Batzordeko kideek banatuko dute.
Eta bazkalostean, 16:00etatik aurrera musean jokatzera. Ordu erdi lehenago, 15:30etan irekiko da lehiarako izen ematea. Karta jokoan parte hartu asmo duen bikote bakoitzak 20 euro ordaindu beharko ditu. Jokaldi onena burutzen dutenek, adi, opari ederrak irabazteko aukera izango dute:
1-Txapelak, kopak, arkumea, mariskada eta bi txanpain botila.
2-Kopak, lau untxi, mariskada eta bi txanpain botila.
3-Kopak, lau txuleta eta bi txanpain botila.
4-Kopak, saiheskia eta bi txanpain botila.
Herri afaria, The Hastelens taldekoekin
Bigarren jai eguna, larunbat honetakoa, herri afari baten bueltan borobilduko dute Atxegalden. Afari musikatua izango da, auzokideak partaide dituen The Hastelens taldekoek girotuko baitute, Josune Aranbururen lekukoa hartuz. Gaueko 21:00etan hasiko da. Eta gogoan izan, animatzen dena mozorrotuta agertu liteke. Mozorrotzeko antolazaileek proposatu duten gaia, marrazki bizidunak dira. Afaritara joateko txartelak aldez aurretik eskuratu behar ziren. Egunotan salgai egon dira 15 eurotan, Artzabalen, Irratin eta Atxegaldeko Alkorta saltokian. Afalosterako, Ingo al deu taldea eta Dj Gude goizaldera arte.
Zumba, "ajearen" aurka
Aizkolariak goizean, eta arratsaldean toka eta patata tortilla lehia. Txapelketen eguna izango da igandekoa. Eta jaiak amaitzeko, Jai Batzordetik iragarri duten proposamen berri bat; zumba saioa, etzi, 19:00etatik aurrera. Aurreko bi parranda egunetako ajea gainditzen laguntzeko egokia.
Eta festak bukatu noski, kolore eta burrunba artean amaituko dira, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik. Honatx, astebururako Atxegalden iragarria dagoen egitaraua:
Abuztuak 31, larunbata
11:00 Haurrentzako jokoak eta opari banaketa.
14:00 Herri bazkaria, norberak etxetik ekarrita. Edaria eta postrea, Jai Batzordearen esku.
16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea).
18:30 Ipuin kontalaria.
Ondoren, txokolatada.
21:00 Herri afaria, The Hastelens taldeak girotuta.
Gauean, kontzertua: Ingo al deu.
Ondoren, DJ Gude.
Irailak 1, igandea
12:00 Aizkolariak.
12:30 Hamaiketakoa Alkorta Autoserbitzuaren eskutik.
16:30 Toka txapelketa.
18:00 Tortilla patata txapelketa.
19:00 Zumba saioa.
22:30 Azken traka, Pirotecnia Zaragozanaren eskutik.
Atxegaldeko festak sare sozialetan, Twitterren: @Atxegaldkojaiak, @AtxegaldekoFestak