Jai Batzordeak aldez aurretik salgai jarritako ia sarrera guztiak salduta, bart Atxegaldeko festen baitan ospaturiko herri afaria, arrakastatsua izan da beste behin. Karpa azpia bete zen. Aldaketekin ospatu zen otordua. The Hastelens herriko taldekoek giro bikaina sortu baitzuten, gaurko, bertako eta atzerriko taldeen abesti ezagunekin. Tartean, azken urteotan gitarrarekin Atxegaldeko festetan parte hartu izan duen Josune Aranburu ere animatu zen zenbait abesti kantatzera, Ixak semearekin batera.
Primerakoa beste behin, Igor Gorriti sukaldari usurbildarrak prestaturiko menua, eta giro ederra The Hastelens taldekoekin. Guztira 80 bat lagun edo gerturatu ziren afaritara. Tartean, baziren mozorrotuta zeudenak ere. Jai Batzordekoek marrazki bizidunei loturiko gaia proposatua baitzuten, herri afarira itxura desberdin batekin gerturatu nahi zutenentzat.
Eta bitxikeriarik ere izan zen atzoko afarian. Urtero, Jai Batzordekoek gazta eder bat zozketatzen dute. Zenbat pisatzen duen asmatzen duenarentzat izaten da. Aurtengoak 1,225 kilo pisatzen zuen. Eta kasualitatez, zozketan parte hartu zuten herri afariko bi lagunek kopuru horren aldeko apustua egina zuten. Gazta bat eta bi saritu egonik, lehen aldiz, gazta erdibitu eta bi sarituek gazta erdia baino ez zuten eraman behar izan etxera.
Afalostean, goizaldera arte luzatu zen parranda giroa, Ingo al deu taldekoen eta DJ Guderen eskutik.