Astelehena heldu dela nabaritu da Atxegaldera. Asteburu mugituaren ostean, barealdia itzuli da festetako plaza ingurura. Amaitu dira jaiak, eta udal brigadako langileak gunea berriro lehengora ekartzeko zereginetan dabiltza. Jai Batzordeko kideek ere beste hainbeste egingo dute datozen ordutan; guztia bildu eta jaso, 2014ko jaietarako.
Bart amaitu dira Atxegaldeko festak, Pirotecnia Zaragozana etxekoen su festarekin. Udarregi Ikastola aurreko patio parean, burrunbak eta koloreak bat egin zuten beste behin, auzoko festei merezitako akabera emateko. Gainerakoan, txapelketen eguna izan zen atzokoa Atxegalden. Goizean, aizkolari eta harrijasotzaileekin, arratsaldean toka eta patata tortilla lehiekin. Eta asteburuko ajea gainditzeko, dantza batean jarri zituen Jai Batzordeak, atzo Atxegaldera gerturatu zirenak. Zumba saioan parte hartu zuten hainbatek, nahiz are gehiago ziren, partaideak izerdi patsetan jarri zituen hitzordua ikustera joandakoak. Ekitaldiko uneetako baten irudia duzue ondoan.
Bukatu dira beraz Atxegaldeko festak. Parte hartze aldetik, jaiek hobera egin dutela esan daiteke. Herri afaria edota mus txapelketako parte hartzea horren lekuko. Baita bi parranda gauetan ibili den jende mugimendua, edota eguneko ekitaldietan izan den giroa ere. Halakoetan esan ohi den moduan, 2014rako jaietarako gutxiago geratzen da orain. Festen errondan, lekukoa hartuko duen hurrengo auzoa Santuenea izango da. Irailaren 20tik 22ra ospatuko dira bertako jaiak. Eta bukatzeko, urriko lehen hamabostaldiko San Praixkuak Aginagan. Askorentzat oporraldia amaitu den honetan oraindik, zer ospatua bada beraz.