Gatazkak bizi duen blokeo egoera parodia baten bidez islatu zuen Usurbilgo Ernaik, joan den ostiral arratsaldean, Mikel Laboa plazan. Blokeo egoera hori gainditu litekeela adierazi nahi izan zuten. Horretarako giltzarria elkarlanean aritzea zela zioten, "denon artean aurrera eginez". Ekimena "Batera egingo dugu" udan zehar gauzatu duen kanpainaren baitan antolatu zuen Ernaik.
Ekitaldi amaieran honako adierazpena irakurri zuten:
Arratsalde on guztioi!!!
Hasteko eta behin, eskerrik asko ekimen honetan parte hartu duzuen gazte guztioi. Beste behin ere, gazteok irmotasunez, erabakimenez, eta batik bat, freskotasunez erakutsi dugu jasaten ditugun eraso eta zapalkuntza ezberdinei aurre egiteko daukagun prestutasun eta konpromezua.
Gaurkoan Euskal Herriak, euskaldunok, eta beraz, bertan bizi garen gazteok pairatu izan dugun eta pairatzen dugun gatazka politikoa irudikatzera etorri gara. Eta bai, batzuek beste era batera aditzera eman nahi duten arren, argi diogu gatazka hau politikoa dela, gatazkaren muina, euskal herritarrok libreki gure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen ukapena baita. Hauxe da gatazka honen erroa, eta hauxe beraz, gatazka honetako ondorio ezberdinen jatorria.
Ezker Abertzaleak duela hiru urte luze abiatutako estrategia berriaren ondotik, baldintza berriak sortu ditugu gatazkaren konponbiderantz pausuak eman eta garai berriak eraikitzeko. Hala ere, espainiar eta frantziar Estatuek abagune historiko honi modu eraikitzailean erantzun ordez, jazarpenaren eta zangotrabatzeen bidez erantzun digute, horrela, Euskal Herria eta euskal herritarrak erasotuz eta betirako luzatu nahi duten gatazkara kondenatuz. Horren adibide dira, euskal preso politikoen espetxe-baldintzen okertzea, Donostian eta Ondarrun eraikitako herri-harresietan emandako gazteen atxiloketak, Barañaingo Luis eta Xaporen aurkako atxiloketa agindua, Ernai gazte antolakundea kriminalizatzeko saiakera bozeramaileen inputazioaren, edota Patxi Segurola agiñarraren estradizio agindua. Ezin ahaztu ere, datozen hilabeteetan Madrilen ia 80 euskaldun, tartean 40 gazte, izango direla epaituak beraien militantzia politikoagatik. Jazarpen guzti hauekin blokeoa islatu eta ezer mugituko ez denaren sentipena zabaldu nahi dute bi Estatuek ekimenean irudikatu dugun moduan.
Baina argi diogu euren blokeoak ez dituela gure asmoak zapuztuko. Aurrera egitea erabaki dugu. Herri honek bizi duen gatazka gainditu eta askatasunean bizitzeko determinazioa dugu, euren mugetatik at gu geu izan nahi dugulako, gure herri eta gure eredu propioa eraiki nahi dugulako.
Horregatik orain gure txanda da. Batera, indarrak elkartuz, elkartasun eta konpromezu sareak ehunduz, herri-harresi ezberdinak eraiki eta datozen epaiketak geldituko ditugu, kartzelak hustu, iheslariak etxeratu eta burujabetza praktikan jarri. Hau da, gatazka honi dagokion konponbide integrala emango diogu Euskal Herrian bakean eta justizian bizi gaitezen.
Ikusi dugun antzera, asko dira aldatu beharreko gauzak, eta handiegiak norberak bakarrik aldatzeko. Horregatik, ezinbestean, elkarlana tresna gisa hartu behar dugu gazteok, denon artean aurrera eginez. Azkenik, gatazkaren konponbidean aktibatu eta batera borrokatzeko gonbita luzatzen diogu gazteriari.
GATAZKA KONPONTZEKO ERE, BATERA EGINGO DUGU!!!
GORA EUSKAL HERRIA ASKE, SOZIALISTA ETA FEMINISTA!!!
GORA EUSKAL GAZTERIA!!! GORA ERNAI!!!