Kontxako Banderari loturiko bigarren jardunaldi egunean, marea urdina osatzeko gonbita luzatu du Herrirak. Hitzordua, igande eguerdiko 13:30etarako finkatu du Bulebarrean. "Giza eskubideen urraketa eta sufrimenduaren enbata atzean utzi eta konponbideari eta bakeari ateak irekiko dizkion marea urdina" osatu nahi da ekimen berri honen bidez, "guztiok batera, ilaratan eserita, zapi urdinak eskuetan hartu eta arraun eginez". Helburu nagusia, hauxe, "197/2006 doktrina hondoratuko duen olatua" osatzea.
Gogoan izan, besteren artean, doktrina honen eraginpean dagoela usurbildar bat; Ramon Uribe kalezartarra. Hona hemen antolatzaileek, irailaren 8ko ekimenari begira burutu duten aurkezpenean irakurritako oharra:
Euskal Herrian bizi ditugun itxaropenezko garai berri hauetan, jendartearen gehiengo zabal batek, konponbidea eta bakeari ateak parez pare zabaltzeko borondate irmoa du. Baina tamalez, bada urgentziaz konpondu beharreko afera bat oraindik ere: ehunaka herritarren samina eta eskubide urraketa larria suposatzen duen salbuespenezko espetxe politika, hain zuzen ere.
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak epe laburrean jakinaraziko du Ines del Rio presoaren kasuari buruzko behin betiko epaia, erabakigarria izango dena 197/2006 doktrinarekin zigortutako preso guztientzat, 70etik gora egun.
Urteak daramatzagu lanean doktrina hori indargabetzeko. Ehunka dinamika sustatu ditugu herriz herri, agerian utziz gehiengo sozial zabal batek salbuespen neurri guztien amaiera nahi duela eta hala eskatzen ari dela. Modu honetan, Herritarron Epaia ekimena martxan jarri genuen ekainean. Uda honetan zehar, gizartearen borondatearen testigantza izaten ari den kaiera handi honek Donostian izango du berriro hurrengo geltokia.
Azken txanpan sartzen ari gara. Guztion ekarpenarekin, eskuz esku, inoiz baino indartsuago boga egireko garaia da. Herritarrak gara protagonista nagusiak. Bidegabeki zigorra luzatzen duen doktrina indargabetu eta giza eskubide guztien errespetatuaren bandera irabaztera goaz.
Norabide honetan, irailaren 8an, eguerdiko 13:30etan, giza eskubideen urraketa eta sufrimenduaren enbata atzean utzi eta konponbideari eta bakeari ateak irekiko dizkion marea urdina osatuko dugu Donostiako bulebarrean. Guztiok batera, ilaratan eserita, zapi urdinak eskuetan hartu eta arraun eginez, 197/2006 doktrina hondoratuko duen olatua osatuko dugu.
Herritar guztiei ekimen honetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu.