1813an Donostia berreraikitzearen aldeko apustua egin zutenei omenaldia, larunbatean Zubietan

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 3a, 00:00

Donostia suntsitu zuteneko 200. urteurrena bete berri da, abuztuaren 31n. Egun gutxi barru ordea, gaur ezagutzen dugun hiriburua berreraikitzea erabaki zeneko bigarren mendeurrena ere beteko da; irailaren 8an eta 9an hain zuzen. Bi egunotan, Donostiako udalbatza Zubietako Aizpurua baserrian elkartu zen. Aipatu moduan, eta orduko aktetan jasoa dagoenez, Donostia errautsetatik berriz altxatzea erabaki zuten udal ordezkariek.

Bilera hauen 200. urtemugaren harira, omenaldia antolatu dute larunbaterako, irailaren 7rako, Zubietako Aizpurua baserrian. Eraikin atarian bertan, gaur aurkeztu dute, lau egun barrurako prestatu duten egitaraua. Berreraikuntza hartan lagundu zutenak, duela 200 urte errautsetatik Donostia berreraikitzearen aldeko apustua egin zuten haiek omendu asmo dituzte larunbatean. Haien ondorengo belaunaldietako senideak espero dira Zubietan, 300 lagunetik gora. Familia bakoitzari oroigarri bana emango die Donostiako Udalak, astearte honetako aurkezpen ekitaldian ziotenez, eurek erakutsitako ausardiagatik, tinko eusteagatik. Eta diploma bana jasoko dute baita, Donostiako sarraskiaren 200. urtemugaren harira, ekitaldiak antolatzen lagundu duten elkarte, erakunde edota enpresek. Haien guztien ahalegina ere goraipatuko da irailaren 7an, eguerdiko 12:00etan Zubietako Aizpurua baserrian ospatuko den ekitaldi instituzionalean.

Ekitaldi irekia izango da, Aizpurua baserri atarian ospatuko dena. Donostiako Udalaren izenean, alkate Juan Karlos Izagirrek bertaratzeko gonbita luzatu diete herritarrei. Ordezkari politiko desberdinak bertaratu dira gaurko prentsaurrekora. Han ziren alkatearekin batera, Donostiako udalbatza osatzen duten talde politiko desberdinetako ordezkariak; Miren Azkarate, Bigarren Mendeurrenaren Batzorde Ez Iraunkorrako lehendakaria; baserri bertako Aizpurua-Intxausti familia; edota Zubietako Herri Batzarreko legegintzaldi honetako bi alkateak; Alazne Olaizola alkate ohia, eta egungoa, Fernando Iturralde.

Antzerkia, musika, akten sinatzeak... duela 200 urteko eskenatoki berean
Aizpurua eraikin atarian ateratako ondoko taldeko argazkian halere, lagun gehiago ageri dira. Larunbat eguerdiko ekitaldi instituzionalean parte hartuko duten ordezkari gehiago hain zuzen. Batetik, Ados Teatroa konpainiako ordezkari Jose Antonio Vitoria. Aktore lanetan jardungo duten 40 lagun dakartza Zubietara larunbatean, duela bi mendeko Zubietako bilera haiek gogoraraztera. Zubietako akten sinatzea antzeztuko dute. 1813ko akten sinatzean baliaturiko mahai eta sinatzaileek erabilitako tintontzi eta guzti izango dituen duela bi mendeko eskenatoki berean.

Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da. Beherago datorren egitarauan zehaztasun gehiago datoz. Halere, hitzordu honen aurretik eta ondoren ekimen gehiago iragarri dira. 9:30etan lore eta landare merkatua irekiko da. Eta eguerdirako pilota partida iragarri dute.

Omenaldia mugarri, Donostia elkarlanean eraikitzen jarraitzeko
Omenaldiko antolatzaileek, egun batzuk barru beteko den urteurrenaren garrantzia nabarmendu dute gaur goizean. Juan Karlos Izagirre alkatearen esanetan, "gaur egun ezagutzen dugun Donostia zoragarriaren" oinarriak ezarri ziren duela 200 urte Zubietan. Esker hitzak izan ditu noski, besteak beste, zubietarrentzat eta Zubietako Herri Batzarrarentzat. Irailaren 7ko omenaldia mugarri ere izatea nahi lukeela adierazi du Izagirrek. "200 urte geroago lekukoa" hartuko dutela zioen, hiria elkarlanean eraikitzen jarraitzeko. 

Honatx, egitarau osoa:

EGITARAUA

Irailak 7, larunbata:


9:30
 Behemendik antolatutako lore eta landare merkatuaren zabaltzea Zubietan, Udalaren Txistu Bandak girotuta.

10:30
 Autobusen irteera Gipuzkoa plazatik Zubietaraino (lehentasuna dute ekitaldi instituzionalera joango direla baieztatu dutenek).

11:40
 Publikoaren sarrera Aizpurua baserriaren barrutira (Zubieta).

12:00
 Berregintza historikoko ekitaldi instituzionala:
-Zubietako Akten sinatzea.
-Ados Teatroa, txalapartari, Easo Abesbatza, harpa jole eta Udalaren Txistu Bandaren parte hartzea.
-Jose Elizondok Mendeurrenerako egindako "Amaren Obiyan" lanaren bertsoak abestea.
-Ados Teatroak antzeztutako Akten sinatzaileek lekukoa pasatzea egungo Donostiako Udalbatzari.
-Alkatearen eta Udalbatzaren oroigarri banatzea, akten sinatzaileen ondorengo senideen ordezkariei.
-Diploma banatzea, Bigarren Mendeurrenaren programa kolektiboko parte hartzaileei; elkarte, erakunde eta enpresei.
-Bigarren Mendeurrenaren Akta Liburuan sinatzea.
-Taldeko argazkia.

Ondoren, pilota partidua errebote plazan, Donostiako Udalaren Txistu Bandak girotuta.