Elkarlanaren beharra irudikatzen duten oroigarriak jasoko dituzte omenduek

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 3a, 00:00

Ondoko irudian duzue, larunbatean Zubietan omenduak izango diren lagunek, zer nolako irudidun oroigarri eta diplomak jasoko dituzten. Iñigo Aristegi artistak sortua, eta modu honetan definitzen duena. Bere esanetan, duela 200 urte gure arbasoek Donostia berreraikitzerakoan egin bezala, orain ere elkarren artean moldatu eta elkarlanean aritu beharra dugu. Hala dio Aristegik: "komunikazioa da, sentimendutan elkar ulertzea". "Zerumugari tiraka elkar topaturik" bi pertsona ageri dira, Urgull eta Igeldo sinbolizatzen dituzten bi pertsona. "Haien arteko nukleoa uhartea da, katramilatutako korapiloak zenbat eta gehiago eta gehiago tira egin, hainbat eta gehiago arroka bihurtzen dena. Sinbolismoa hartu emanean, tira-biraka ibiltzean datza; izan ere, nahasketak argitzearren, gorputza, pertsonak elementu zurrunei moldatuz askatzen baitira korapiloak, soka, harria, burdina. Elkarren artean moldatu beharra daukagu, eta norabide berean lan egin, gure arbasoek Donostia berreraikitzeko egin zuten bezalaxe", dio Iñigo Aristegik. "Korapiloak argituz" izena jarri dio ondoko argazkiko artelanari.