Donostia suntsitu zuteneko Bigarren Mendeurrena bete den honetan, hiriburua berreraikitzen hastea erabaki zuteneko 200. urtemuga betetzear da orain. Hiriburuko garai hartako udalbatzak, Zubietako Aizpurua etxean hartu zituen lehen erabakiak, 1813ko irailaren 8an eta 9an.
Urteurrena betetzear den honetan, orduko gertakariak oroitu eta Donostia errautsetatik berriz altxatzearen aldeko apustua egin zutenak omenduko dira larunbat honetan, irailaren 7an Aizpurua etxe atarian bertan. Atzo aurkeztu zuten hiru egun barru burutuko den ekimena, eta bertan, duela 200 urte, hartu ziren erabakien aktak banatu zituzten. Txukun asko, liburuxka batean jaso ditu Donostiako Udalak.
Erasotzaileek Donostian eginiko izugarrikerien kronika
"Zubietako Aktek" zehaztasunekin jasotzen dute, Donostia suntsitu berritan, bilera haietan zegoen giroa, bertaratutakoen aurpegiek adierazten zutena. "Denbora luze isil eta burumakur egon ondoren, ez baitzuen elkar ikustean bertaratutakoek isuritako malkoek eta zotin-hasperenek baino eteten isiltasuna, gehienak zurbil, margul, oinazeak jo eta babesgabe zeudela, Alkate jaun biek aldizka hitz egin dute". Malko artean eskertzen omen zituzten bi alkateek, "bizirik ateratzea lortu " izana. Ez zen gutxiagorako, suntsiketa egunetik egun batzuk pasa arren, orduko aktek diotenez, irailaren 8 eta 9an oraindik, Donostiak sutan jarraitzen zuen.
Suntsiketak utzitako kalteak hartu zituzten ahotan lehenik, behin behinean eratua zen udalbatzak. Hala dio, Zubietako bileretan idatzitako lehen aktako lehen ebazpenak: "Eskatu dute Bilkura ardura dadila behar adina neurri har dadin herritarrak elkarretaratu eta haien galerak berdintzen saiatzeko, non eta hainbeste hilketa, zauri, adin guztietako emakumeen bortxaketa zein etxe, denda eta biltegietan gordetako ororen erabateko zakuratzea konpontzerik baldin balego".
Ihes egin behar
Bigarrenik, suntsiketa haren errudunak nortzuk izan ziren argi eta garbi jaso zuten; itxuraz, aliatuak ziren tropek. "Are latzago eta mingarriago baita hilketa, zauri, bortxaketa, erabateko zakuratze eta sute hauek guztiak Plaza erasoan hartu zuten tropek eragin dituztela; hau da, gure aliatu ingeles eta portugesek, bretxa gainditu orduko Hiriko biztanleek bibaka eta upaka jaso zituztelarik, basatien modura fusil-tiroz erantzun baitzieten, eta berehala, hogeita hamaikako gauean eta biharamunean egun osoan sekulako astakeriak eta izugarrikeriak egitera eman baitziren, harik eta hilaren lehenean eta bian herritarrek, izu-laborrian eta erdi biluzik, bertatik ihesari eman ahal zioten arte", dio Zubietan buruturiko bileren lehen aktak.
Lehentasunak; hiria berreraiki, birpopulatu eta kalteordainak eskuratzea
Egoera latza bizi arren, lehendik ere halakoak sufritutakoak zirela, eta berriz ere burua altxako zutela, jarrera sendo honekin jarraitzen du lehen aktak. "Aurreko aldietan ere behin baino gehiagotan osorik erre izan dela Donostia Hiria halabeharrezko suteetan; eta halakoetan, bertakoek jaioterriari zioten xera eta atxikimenduarengatik, berriro populatu izan dela". Eta horixe zen hain zuzen, udalbatza haren lehentasunetako bat; Donostia berreraiki eta birpopulatzea.
Hainbat neurri hartu zituen Donostiako udalbatzak, Zubietako Aizpurua etxean. Akten arabera, honako hauek, besteren artean:
-Foru Aldundiarekin kalte ordainez hitz egitera joateko ordezkarien izendapena.
-Pertsona hauei, "dirua bilatzeko eskumena" ematea, "Hiriaren berezko ondasunak baliatu eta ebakitzeko sasoian dauden mendietako jabegoak erabiliz".
-Alkatea, Miguel Antonio Bengoetxea, diru-funtsen gordailuzain izendatzea.
-Helegiteak aurkeztea, aktak jasotzen duenez, "bai gure Gobernuari bai Britainiarrari".
-Bitarteko guztiak martxan jartzea, kalte ordainak jaso, hiria birpopulatu eta merkataritza berrezartzeko.
-Udalbatza berri bat osatu zen behin behinean.
-Eta udal berri baten osaera izendatzeko hitzordua jarri zuten, irailaren 12rako. Hiriko harresi barruko zein kanpoko auzoak deitzen zituzten, "Aduna, Igeldo, Altzakoak izan, Ibaeta, Antigua, Lugaritz, Amara, Loiola eta Pasaiako Galtzadako zeharretakoak", "Konstituzioa argitaratu eta zin egitera eta Udal berri baten osaera izendatzera".
Eskertza zubietarrentzat
Donostia suntsituta, Zubietatik hasi ziren hiriburua berreraikitzen. Zubietak eta zubietarrek donostiarrei eginiko harrera dela eta, esker oneko hitzik ere, egungo Udalak argitaratu dituen hiru akta hauetan. "Eskerturik oso Alkate jaun biak, Zinegotziak eta bertaratutako Hiriko harresiz barneko auzoak, berez eta Hiri osoaren izenean samurtasun osoz eskerrik beroenak eta mugagabeak agerrarazi dizkiete Zubieta auzategi honetako bizilagunei, ematen dieten ostatu eta abegi goxoarengatik ez ezik, Hiriaren katastrofeak eragin dien oinazearen handia biziki eta zintzoki sumatu eta mina arintzen laguntzeko agertu duten nahiarengatik".
Esker oneko hitz hauen aurrean, zubietarrak 1813an laguntzeko prest zirela adierazi zuten. "Halako adierazpenen aurrean, bertan zeuden Auzategiko bizilagunek berretsi egin dute, ahal duten heinean, hiriko biztanle guztiei laguntza emateko gogoa, birpopulatzea eta zoriona albait azkarren gertatzea bihotz-bihotzez desio dutela ziurtatu dute eta", jasotzen du hirugarren eta azken aktak.
Besteak beste, esker on hau, garai hartan hiriburua berreraikitzea erabaki zutenak, laguntza eskaini zutenak... Guztiok omendu nahi ditu Donostiako Udalak, larunbatean 12:00etan Zubietako Aizpurua etxean egingo den ekitaldi berezian. Honatx, egitarau osoa:
EGITARAUA
Irailak 7, larunbata:
9:30 Behemendik antolatutako lore eta landare merkatuaren zabaltzea Zubietan, Udalaren Txistu Bandak girotuta.
10:30 Autobusen irteera Gipuzkoa plazatik Zubietaraino (lehentasuna dute ekitaldi instituzionalera joango direla baieztatu dutenek).
11:40 Publikoaren sarrera Aizpurua baserriaren barrutira (Zubieta).
12:00 Berregintza historikoko ekitaldi instituzionala:
-Zubietako Akten sinatzea.
-Ados Teatroa, txalapartari, Easo Abesbatza, harpa jole eta Udalaren Txistu Bandaren parte hartzea.
-Jose Elizondok Mendeurrenerako egindako "Amaren Obiyan" lanaren bertsoak abestea.
-Ados Teatroak antzeztutako Akten sinatzaileek lekukoa pasatzea egungo Donostiako Udalbatzari.
-Alkatearen eta Udalbatzaren oroigarri banatzea, akten sinatzaileen ondorengo senideen ordezkariei.
-Diploma banatzea, Bigarren Mendeurrenaren programa kolektiboko parte hartzaileei; elkarte, erakunde eta enpresei.
-Bigarren Mendeurrenaren Akta Liburuan sinatzea.
-Taldeko argazkia.
Ondoren, pilota partidua errebote plazan, Donostiako Udalaren Txistu Bandak girotuta.