Afrikar dantza mandingeen ikastaro berria antolatu du Gaztetxeak

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 4a, 00:00

Lehendik ere saioak antolatu izan dituzte, oraingoan ordea, urte osorako ikastaroa lotu dute Usurbilgo Gaztetxeko kideek. Afrikar dantza mandingeen ikastaroan trebatu nahi duenak irekita du izen emateko epea. 627 285 904 telefono zenbakira deitu edo usurbilgogaztetxea@gmail.com helbidera email bat idatzi dezake. Ikastaroa urrian abiatuko da. Saioak asteazken arratsaldeetan izango dira, 19:00-21:00 artean. Ordaindu beharreko kopurua; hilero, 28 euro. Ikastaroa, Gineako Pierre Cece Koly Camarak gidatuko du.

Proba saioa, irailaren 14an
Edozein kasutan, ikastaroan parte hartzen hasi aurretik proba egin nahi duenarengan ere pentsatu dute Usurbilgo Gaztetxekoek. Proba saio bat antolatu baitute, irailaren 14rako, 16:00-18:00 gaztetxean bertan. "Afrikar dantzak nolakoak diren ez dakizula? Izena emateko aurretik proba egin nahiko zenukeela? Klasera nahi duena etor daiteke eta ez du preziorik izango. Probako klase honetara etorri nahi duzuenok, mesedez abisatu aurrez goian jarritako telefonora edo gaztetxeko emailera", ohartarazi dute antolatzaileek. Ikastaroan parte hartzeko gonbita luzatzen dute gaztetxetik.