"Euskara praktikoa" lemapean, atzo aurkeztu zuen AEK-k ikasturte berrirako matrikulazio kanpaina. Eta aldarria hitzez hitz aintzakotzat hartuz, AEK-ko kide eta kazetariak ikasle bihurtu ziren egun batez. Eta Amets Arzallus bertsolaria, euren guztien irakasle Bilboko Lizardi AEK euskaltegiko ikasgela batean egin zuten aurkezpen ekitaldian. Baina beste edozein ikasgela ere izan zitekeen, Usurbilgo Etumeta AEK adibidez, ondoko irudian ageri diren Rosa, Iker edo Olatz irakasleekin. Gainerako euskaltegietan bezala, Usurbilgoan ere urriaren 1ean abiatuko dute eta, 2013-2014 ikasturte berria.
Euskara ikasten hasi, ikasketei segida eman edota perfila zein EGA tituluak prestatu nahi dituztenek, Kale Nagusia 43an, Zumarte Musika Eskola ondoan dute egoitza. Astelehenaz geroztik, matrikulazio epea irekita dute; euskaltegiko atea zabalik dago berriz ere. Eta honenbestez, prest dute ikastaro eskaintza ere; alfabetatze klaseak; lehen, bigarren edo hirugarren perfilak eta hirugarren perfilaren baliokide den EGA titulua prestatzeko aukera dago. Guztia, giro atsegin, parte hartzaile eta dinamiko batean, elkarlanean, ondo paseaz.
Autoikaskuntza, beste aukera
Klaseetara joan ezin duenak, edo euskara ikasgelatik kanpo lantzen joan nahi duenarentzat ere badu eskaintzarik AEK-k; autoikaskuntza delakoa. 190 orduko lana, ikasturtean zehar etxean egiteko. Horren osagarri, autoikaskuntzaren bidea hautatzen duen ikasleak tutoretza zerbitzua aukeran izaten du astero euskaltegian, baita bi orduko mintzapraktika saioa ere.
Eta mintzapraktikaz ari garela, ezin ahaztu Mintzalagun egitasmoa ere. Urtean zehar martxan egoten den ekimena izan arren, astean ordubetez lagun artean euskara ahotan hartu nahi duenak ere euskaltegira gerturatu liteke asteotan, izena ematera. Iazko ikasturtean zehar, euskaldun zahar, eta ikasle, guztira 35 bat "mintzalagunek" bat egin zuten egitasmo honekin Usurbilen. Aipatu beharra dago, asteroko lagun arteko hitzorduaz gain, osagarri gisa, urtean zehar, mintzalagunentzako tailer eta irteerak ere antolatzen dituela euskaltegiak.
Matrikulazioa, goiz nahiz arratsaldez
Beraz, mintzalagun izan nahi duenak, euskara ikasten hasi, hobetu edota euskarari loturiko ziurtagiriren bat eskuratu nahi duenak, Etumeta AEK-ra jo besterik ez du. Lehen adierazi bezala, matrikulazio epea zabalik dago, ordutegi honetan:
-Astelehenetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.
Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, hauexek dira, Etumeta AEK euskaltegiarekin hartu emanetan jartzeko bideak:
-Telefono zenbakia: 607 609 379.
-E-posta: usurbil@aek.org
-Bloga: muntteri.blogspot.com.es