50 urte ospatzear da, Usurbil Kirol Elkartea

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 5a, 00:00

Atzoko eta egungo jokalari, entrenatzaile, zaletu, guraso, herritar zenbat mugiarazi ote ditu eskubaloiak Usurbilen. Bi belaunalditako usurbildar mordoxka bat bai behintzat. Erreferentziazko kirol jarduera izan da hamarkada luzez udalerri honetan. 1963an sortu zen Usurbil Kirol Elkartea. 2013. urtean gaude egun, eta egutegiak argi dio; 50 urte beteko ditu eskubaloi taldeen bilguneak. Lehen neurketa jokatu zela, urriaren 12an beteko da mende erdia. Lehenago, irailaren 16tik 22ra 50. urtemuga ospatzeko ekitaldi sorta antolatu du Usurbil Kirol Elkarteak, duela hilabete batzuetatik baliatzen ari diren aldarripean; “1963-2013. 50 urte eskubaloian. 50 urte kirolean. 50 urte herrigintzan”. Eta mende erdiko ospakizunetara egokituriko logotipoarekin; Usurbil K.E. dioen sagar bat da. Sagarra, eskuan baloi bat duela ageri den zizare batek zeharkatzen du alderik alde. Ondoko argazkian ageri da, Usurbil Kirol Elkartea osatzen duten kideekin batera, apirilean atera zuten talde irudian.

Urteurreneko irudia, aldarria, eta egitaraua ere prest dute jada aipatu kirol elkartekoek. 50 urteotan zuzendari, jokalari, entrenatzaile izan direnek, eskubaloian aritu direnak, laguntzaileak, guztiei zuzenduriko hitzorduak antolatu dituzte. Jada web orrialde honetako agenda atalean kontsulta ditzakezue egunez egun, hilaren 16tik 22ra deitu diren ekitaldiak.

Lagun arteko partidak, liburu aurkezpena...
Kirol jarduera baten historiaz ari garenez, egitarauaren baitan, tarte nabarmena izango dute noski, eskubaloi neurketek. Neska zein mutil, eskola-kirolean dabiltzanak, kadete, jubenil edota seniorrak lehian ikusiko ditugu bi aste barru; frontoian, Kiroldegian, eta eskubaloiaren hastapenetan jokaleku lanak egin zituen Santuenean. Ofizialki, denboraldi berria, talde haietako batek baino gehiagok behintzat, iraileko azken asteburuan hastekoa zuen. 2013-2014 kirol urtean duten onena emateko prestaketa lanetan murgilduak egongo diren arren, oraingoan astebete lehenago izango dute, “liga” hasi aurreko atariko partida. Lagun artekoa, kide diren eta 50 urte betetzear dituen elkartearen alde.

Eskubaloi neurketekin batera, Usurbil Kirol Elkartearen ibilbidea jasotzen duten beste bi ekimen antolatu dituzte. Horietako bat, ospakizun aste osoan zehar Sutegin ikusgai izango den argazki erakusketa. Eta kirol bilgune honen historia jasotzen duen liburu bat ere argitaratzear dute. Irailaren 19an aurkeztuko da jendaurrean. Eta astea borobiltzeko, gure artetik joandakoen omeneko ekitaldia, belaunaldi desberdinetako beteranoak aurrez aurre jarriko dituzten eskubaloi partidak Oiardo Kiroldegian eta amaitzeko, herri-bazkaria frontoian. 50. urteurreneko egitaraua, web orrialde honetako agendan duzue.

Batzarra larunbatean
Irailaren 16tik 22rako ospakizunetan murgildu aurretik, batzarra deitu du Usurbil Kirol Elkarteak larunbat honetarako. Bilgunearen gorabeherez jardun nahi dute, goizeko 10:00etarako Sutegin finkatu duten hitzorduan. Ekitaldia, bazkide, jokalari, entrenatzaile, zaletu, guraso eta interesdun orori zuzendua dago.