"Batera egingo dugu" udan zehar burutu duen kanpaina borobiltzeko, Gazte Eguna antolatu du Usurbilgo Ernaik, larunbat honetarako, irailaren 7rako. Besteak beste, herri bazkaria programatu dute goizean hasi eta gauera arte luzatuko den egitarauaren baitan. Otordurako txartelak salgai egongo dira bihar arte, 10 eurotan, Aitzagan.
Usurbilgo Ernaik azken asteotan antolaturiko ekimen sortari amaiera emango dio modu honetan, etziko Gazte Egunarekin. Iñigo Cabacasi buruzko dokumentala, edota "Tximeletak" lana proiektatu dute. Eta iragan ostiralean, Euskal Herriko gatazkak bizi duen blokeo egoera eta aipatu egoera hau gainditu litekeela islatu nahi izan zuten, Mikel Laboa plazan burutu zuten parodia baten bidez. Honez gain, abuztuan zehar, harreman bira bat abiatu zuen Usurbilgo Ernaik. Herriko gazte koadrilekin bildu eta euren beharrak, iritziak, kezkak jaso nahi izan zituzten. Harreman bira honetatik ondorioztatu ahal izan zutenez, "denok beharrezkoa ikusten dugu gazteok ditugun kezka, zapalkuntza edo arazo horiek gainditzeko batera egitea".
Gazte Egunak ere horretan lagundu nahi du. Etorkizuneko alternatibak elkarlanean, eta taldean eraikitzeko bidean, aurrera egitea. Bidean urratsak batera ematea. Honatx, larunbaterako prestatu duten egitaraua:
Irailak 7, larunbata
10:00 Esnadeia.
11:00 Mural pintaketa frontoian. Gero, mural hori leku eder batean jarriko da.
13:00 Kalejira frontoitik abiatuta, trikitixa eta panderoarekin girotua. Joko desberdinak egingo dira ibilbidean zehar.
14:30 Gazte kantu bazkaria frontoian. Txartelak: Aitzagan salgai, 10 eurotan. Epea: irailak 6, ostirala.
19:00 Kontzertuak frontoian.
Oharra: txosna egongo da frontoian.
Antolatzailea: Usurbilgo Ernai.