Masustaren Kofradia Eguna, irailaren 13an

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 5a, 00:00

2006ko udan lagun talde batek, kofradia berri bat sortzeko ideia izan zuen; masustari gorazarre egingo ziona. Urtebete barru berriz bildu, taldea osatu eta lehen kofradekidea ere izendatu zuten. Eta ordutik urtero bildu izan dira, eta beti kofradekide berriak izendatzen joan ahala, taldea ere handitu da. Aurten hamabigarrena batuko zaie, irailaren 13an, 21:00etatik aurrera Txirristra tabernan ospatuko duten kantu afarian. Otordura joan asmo duenak, aldez aurretik eman behar du izena aipatu edaritegian egunotan jarrita egongo den zerrendan, edota antolatzaileetakoren batekin hitz eginda ere apuntatu liteke. 

Txirristran ospatuko dute Masustaren Kofradia Eguna, 2006an bilgune honen sortzaile taldea ere bertan baitzen, kofradia berria sortzeko konpromisoa hartu zutenean. Kofradekideak gehitzen joan ahala, taldea handituko dela ziur, baina irailaren 6ko astekarirako kofradiako sortzaileetako batek, Arantzazu Aranburuk dioenez, taldea bera indartzen joateko konpromiso irmoa dute.

Masusta kutsuko afaria
Kofradiaren egunean, masusta zaleak mahai baten bueltan biltzen dira. Masusta osagai duten jakiak dastatzen dituzte. Masusta koloreko kapa eta lepokoekin ospatzen dute, kantua eta afaria uztartzen dituen ekitaldia. Otorduan zehar gainera, kofradekide berriari ongi etorria eman, eta datorren urtekoa hautatzen dute. Ereserki propioa du gainera Masustaren Kofradiak, eta hori ere noski, urtero moduan, datorren irailaren 13an ere abestuko dute, masustari, "duena baino merezimendu gehiago eman asmoz".