Akabo oporrak, ikasgeletara itzultzeko eguna da gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 6a, 00:00

Aginagako eta Zubietako herri ikastetxeetan, baita Udarregi Ikastolan ere abiatzear dute 2013-2014 ikasturtea. Gaurtik aurrera, oporrak atzean utzi eta ikasgeletara itzultzeko unea helduko zaie, adin tarte desberdinetako ikasleei.

DBH-koek esaterako, gaur goizean zuten aurkezpen saioa Udarregi Ikastolan. 12-16 urte arteko kideak, ikasgeletara bueltatzeko deituak zeuden, 10:00-12:00 artean. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak aldiz, datorren astelehenean, irailaren 9a dute Udarregira itzultzeko eguna. Goizez, 9:00-12:30 artean burutuko dute ikasturte berriko aurkezpena, udarregi.com ataria iragartzen ari denez.

Itzulera bat batekoa ez izateko, ohi bezala, iraila trantsizioko hilabetea izango da. Irailaren 9tik 27ra 9:00-12:30 artean, hau da, klaseak goizez bakarrik izango dituzte HH eta LH zikloetako ikasleek. DBHkoek, irailaren 9an, 8:25-12:30 arteko ordutegia izango dute. Irailaren 10etik 30era, 8:25-14:30 artekoa. Hortik aurrera bai, erabateko normaltasunera itzuliko dira. Abiatzear duten ikasturtea, 2014ko ekainaren 20an amaituko dute. Hemen, urtean zehar ikasleek izango dituzten klaseen ordutegiak:

HH, LH
Irailaren 30etik maiatzaren 30era: 9:00-12:30 eta 14:30-16:30.
Ekainaren 2etik 20ra: 9:00-12:30.

DBH
Urriaren 1etik maiatzaren 30era: 8:25-12:30 eta 14:30-16:30.
Ekainaren 2etik 20ra: 8:25-12:30.
Ostiraletan (ikasturte osoan zehar): 8:25-14:30.