Iragan jaietako hainbat pasarte iruditan gaur, 22:00etatik aurrera frontoian

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 6a, 00:00

Ibai Arrieta usurbildarrak aurtengo Santixabeletan ateratako argazki bilduma proiektatuko dute gaur gaueko 22:00etatik aurrera frontoian. Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatu ziren herriko festetako ekitaldi desberdinetako irudiak ikusgai izango dituzte, pilotalekura gerturatzen direnek. Txupinazoa, danborrada, haur jolasak, lore eta salda banatzea, oilasko biltzaileak, txosnetako ekitaldiak... Jaietako hainbat une gogora ekartzeko aukera izango da ostiral honetan.

Santuenea eta Aginaga, jaietako erronda amaitzeko
Kalezar, Kaleberri, Zubieta, Urdaiaga, Atxegalde... Ekainean hasitako jaietako erronda azkenetara heltzen ari da, uda amaitzearekin batera. Oraindik ordea, festen birak beste bi geltoki izango ditu; lehena Santuenea, irailaren 20tik 22ra. Eta bukatzeko Aginaga, urriko lehen bi asteburuetan. San Praixkuetako egitarauari azken ukituak ematen ari da Jai Batzordea. Aurten gainera, festen atarirako hitzordu berezi bat prestatzen ari dira aginagarrak. Urte hasieratik auzolanean berritzen aritu ziren eliza zaharra inauguratuko baitute, irailaren 28an. Egun horretarako ere festa eguna antolatzen dabiltza.

48 orduko jai giroan murgiltzeko ekitaldien eskaintza prest duena jada, Santueneako Jai Batzordea da. Bi aste barru ospatuko diren festetako egunez eguneko ekitaldien berri, web orrialde honetako agendan duzue. Hitzorduen artean aipatzekoa, EH Sukarra taldekoek eskainiko duten kontzertua. Irailaren 20an izango da, ostiral gauez. Haiekin batera izango dira, 23:00etatik aurrera, Artobixar herriko musika talde gaztea eta Joxpakoak.