Hala iragarri du Konsorzioak prentsa ohar bidez, "Eusko Jaurlaritzaren aurrean gorako helegitea jarriz". Ez du baztertzen gainera, bestelako "ekimen juridikoak" abiatzea, "hala nola, administrazioarekiko auzi-prozesua abian jartzea, beharrezkoa balitz, Arbitraje Kortearen estatutuen aldaketen legaltasuna aztertzeko, eta kautelarki horren lerrokatua eta zikindua dagoen Gipuzkoako Ganbararen arbitrajea eteteko".
Zubietako errauste plantako lanen etetearen harira, enpresariek arbitraje eskaera aurkeztu dute, eta Gipuzkoako Bazkundeak eskaera hau onartu egin duela salatu du GHK-k. Hortik dator, aipatu erakunde honek Bazkundearen erabakia errekurritzeko duen nahia. Konsorziokoek prentsa ohar bidez adierazi dutenez, "Bazkundeak partzialtasun zantzu kezkagarriak izan ditu enpresarien interesen alde, orain arte izan diren aurretiko diligentzietan". Bazkundearen eskaera onarpen horrek, helburu nagusi bat du GHK-koen ustez, "enpresarien interesei mesede" egitea.
"Beste aldea entzun gabe"
Diligentzien hasieratik, Bazkundearen Arbitraje Korteak auziotan derrigorrezkoa duen Berdintasun Printzipioari muzin egin dioela salatu du GHK-k. Muzin egite horren zenbait adibideren berri ematen du, Konsorzioak kaleraturiko prentsa oharrak; Bazkundeak estatutuak aldatu izana, "beste aldea entzun gabe" auziak ebazteko; alegazioak aurkezteko epe eta aukera berberak ez ematea GHK-ri; GHK-k aurkezturiko diktamen juridikoak Bazkundeak aintzat ez hartzea; kontratu baliogabetzeek eta nulitate prozesuaren hasierak Bazkundearen parte hartzea eragotzi arren, Bazkundeak arbitrajea aurrera eramatea; edota enpresarien alde egitea...
Halere GHK ez da harritzen Gipuzkoako Bazkundeak harturiko erabakiaz, "izan ere orain arte mantendu duen jarrera horrelakoa izan baita, partziala eta iluna. Baina zuzentasun eta zintzotasun handiagoa espero zitekeen arbitraje arazoetan funtzio publikoaren izaera duen erakunde batez".