Diadaren aldeko eta errausketaren aurkako giza-kate bana, eta Herrirak 197/2006 doktrina hondoratzeko marea urdina, ekimenok antolatu dira asteburu honetarako Donostian, Kontxako Bandera jokoan izango den bigarren eta azken jardunaldiaren bueltan. Usurbildarrak hitzorduotara joateko gonbita egin zaie. Adi beraz deialdiei.
Independentziaren aldeko giza-katea
Irailaren 11n Herrialde Katalanetan ospatuko duten Diada Egunaren baitan, herrialdea iparretik hegora zeharkatuko duen giza-katea antolatu dute. Ekimen honi babesa adierazteko hainbat lekutan, tartean Hego Euskal Herriko hiriburuetan, giza-kateak antolatu ditu Independentistak Sareak. Horietako bat, larunbat arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Gros auzoko Katalunia plazan.
Errausketaren aurkako giza-katea
Beste giza-kate bat, hau hamargarrenez, eta errausketaren aurka. Ohi bezala, igande goizeko 11:30etan, Alderdi Ederretik Kontxa hondartzara jaisteko dagoen bidean finkatu du hitzordua, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak. Astelehenean aurkeztu zuten prentsaurreko bidez, etziko mobilizazioa. Orduko argazkia duzue ondokoa. Besteak beste, Usurbilgo alkate Mertxe Aizpurua eta Jose Maria Rivadeneyra ingurumen alorreko zinegotzia ageri dira. Usurbilgo EH Bilduk hain zuzen, bat egin du eta mobilizazio honekin.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek hondakinak erraustearen ideia behingoz alboratzea eskatuko dute etzi, Kontxa hondartzan islatuko dute giza-katearekin. Atez ateko bilketari esker, gaikako bilketa hainbeste igo den udalerrietako organikoa tratatzeko azpiegiturak, ahalik eta lasterren konpost guneak eraikitzea ere galdegingo dute.
197/2006 doktrina hondoratzeko marea urdina
Azkenik, Kontxako estropadak jokatu ostean, Herrirak mobilizazio berezi bat antolatu du, 13:30etan Donostiako Bulebarrean. "Giza eskubideen urraketa eta sufrimenduaren enbata atzean utzi eta konponbideari eta bakeari ateak irekiko dizkion marea urdina" osatu nahi da ekimen berri honen bidez, "guztiok batera, ilaratan eserita, zapi urdinak eskuetan hartu eta arraun eginez". Helburu nagusia, "197/2006 doktrina hondoratuko duen olatua" osatzea da. Doktrina honen eraginpean, espetxean jarraitzen du, iragan abenduaren 3an kalean behar zuen Ramon Uribe kalezartarrak.
Laburbilduz, hona hemen asteburuko mobilizazioen hitzorduak:
IRAILAK 7, LARUNBATA
19:00 Diadaren aldeko giza-katea Gros auzoko Katalunia plazan.
IRAILAK 8, IGANDEA
X. GIZA KATEA
Aldarria: "Birziklatzeari bai! Errausketarik ez! Ez hemen, ez inon".
Ordua: 11:30.
Tokia: Kontxako hondartzan (Alderdi Eder, hondartzako sarreran).
Deitzailea: Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundea.
MAREA URDINA, 197/2006 DOKTRINAREN AURKA
Aldarria: "197/2006 doktrina hondoratuko duen olatua" osatzea. Ilaratan eserita, zapi urdinak eskuetan eta arraun eginez.
Ordua: 13:30.
Tokia: Donostiako Bulebarra.
Deitzailea: Herrira.