Donostia suntsitu zuteneko 200. urteurrena bete berri da, abuztuaren 31n. Egun gutxi barru ordea, gaur ezagutzen dugun hiriburua berreraikitzea erabaki zeneko bigarren mendeurrena ere beteko da; irailaren 8an eta 9an hain zuzen. Bi egunotan, Donostiako udalbatza Zubietako Aizpurua baserrian elkartu zen. Aipatu moduan, eta orduko aktetan jasoa dagoenez, Donostia errautsetatik berriz altxatzea erabaki zuten udal ordezkariek.
Bilera hauen 200. urtemugaren harira, omenaldia antolatu dute larunbaterako, irailaren 7rako, Zubietako Aizpurua baserrian. Berreraikuntza hartan lagundu zutenak, duela 200 urte errautsetatik Donostia berreraikitzearen aldeko apustua egin zuten haiek omendu asmo dituzte larunbatean. Esker ona adierazi nahi zaio baita Zubietari eta zubietarrei. Haien ondorengo belaunaldietako senideak espero dira Zubietan, 300 lagunetik gora. Familia bakoitzari oroigarri bana emango die Donostiako Udalak, eurek erakutsitako ausardiagatik, tinko eusteagatik. Eta diploma bana jasoko dute baita, Donostiako sarraskiaren 200. urtemugaren harira, ekitaldiak antolatzen lagundu duten elkarte, erakunde edota enpresek. Haien guztien ahalegina ere goraipatuko da irailaren 7an, eguerdiko 12:00etan Zubietako Aizpurua baserrian ospatuko den ekitaldi instituzionalean.
Ekitaldi irekia izango da, Aizpurua baserri atarian ospatuko dena. Donostiako Udalaren izenean, alkate Juan Karlos Izagirrek bertaratzeko gonbita luzatua die herritarrei.
Antzerkia, musika, akten sinatzeak... duela 200 urteko eskenatoki berean
Aktore lanetan jardungo duten 40 lagun dakartza Ados Teatroak Zubietara larunbatean, duela bi mendeko Zubietako bilera haiek gogoraraztera. Zubietako akten sinatzea antzeztuko dute. 1813ko akten sinatzean baliaturiko mahai eta sinatzaileek erabilitako tintontzi eta guzti izango dituen duela bi mendeko eskenatoki berean.
Ekitaldia eguerdiko 12:00etan hasiko da, baina ordu erdi lehenago bertan egotea aholkatzen da. Beherago datorren egitarauan zehaztasun gehiago datoz. Halere, hitzordu honen aurretik eta ondoren ekimen gehiago iragarri dira. 9:30etan lore eta landare merkatua irekiko da. Eta eguerdirako pilota partida iragarri dute.
EGITARAUA
Irailak 7, larunbata:
9:30 Behemendik antolatutako lore eta landare merkatuaren zabaltzea Zubietan, Udalaren Txistu Bandak girotuta.
10:30 Autobusen irteera Gipuzkoa plazatik Zubietaraino (lehentasuna dute ekitaldi instituzionalera joango direla baieztatu dutenek).
11:40 Publikoaren sarrera Aizpurua baserriaren barrutira (Zubieta).
12:00 Berregintza historikoko ekitaldi instituzionala:
-Zubietako Akten sinatzea.
-Ados Teatroa, txalapartari, Easo Abesbatza, harpa jole eta Udalaren Txistu Bandaren parte hartzea.
-Jose Elizondok Mendeurrenerako egindako "Amaren Obiyan" lanaren bertsoak abestea.
-Ados Teatroak antzeztutako Akten sinatzaileek lekukoa pasatzea egungo Donostiako Udalbatzari.
-Alkatearen eta Udalbatzaren oroigarri banatzea, akten sinatzaileen ondorengo senideen ordezkariei.
-Diploma banatzea, Bigarren Mendeurrenaren programa kolektiboko parte hartzaileei; elkarte, erakunde eta enpresei.
-Bigarren Mendeurrenaren Akta Liburuan sinatzea.
-Taldeko argazkia.
Ondoren, pilota partidua errebote plazan, Donostiako Udalaren Txistu Bandak girotuta.