Kalezarko San Juanetan egin bezala, Artobixar musika taldekoak "Showa" ematera doaz Santueneara irailaren 20an. Auzoko jaietako lehen gauean kontzertua eskainiko dute. EH Sukarra taldekoen "telonero" lanak egitea egokitu zaie gainera, Ander Osa (abeslaria), Endika Larrañaga (gitarra), Herri Harto (baxua), Mikel Romero (bateria) eta Jon Ander Bruñori (gitarra). Musika estilo desberdinetako taldeak izan arren, oholtza EH Sukarra taldekoekin partekatzea ohore bat izango dela adierazi diote NOAUA!ri, irailaren 13ko astekarirako eskainitako elkarrizketan.
Kale Nagusian dute entsegu lekua, sortzen doazen abestiak lantzen joateko gunea. Eta bertan ari dira prestatzen, gertu duten kontzertu bira. Orain arte, Usurbilgo Gaztetxean, Akerran, Aginagan, Kalezarren edota irailaren 20an Santuenean emanaldiak eskaini ostean, udalerritik kanpo irtetear dira Artobixar taldekoak. Azken konfirmazioaren zain diren arren, Zestoa edota Arrasate aldera joango dira, euren taldea eta lana plazaratzera. Aipatu moduan ordea, boskoteak Santuenean du hurrengo hitzordua, EH Sukarra eta Joxpa taldekoekin batera.
Irailaren 20ko kontzertu gaua, asteburu horretan zehar Santuenean izango den jai giroaren adierazgarrietako bat izango da. Festetarako deituak dauden hitzordu guztiak, hemen:
Irailak 20, ostirala
17:00 Txupinazoa txosna aurrean eta txokolatada Tragoxkan.
Ondoren globo gerra.
18:30 Buruhandiak eta txaranga.
19:00 Sardin jana.
23:00 Kontzertuak: Artobixar, EH Sukarra eta Joxpa.
Irailak 21, larunbata
11:00 Haur jolasak eta pintura lehiaketa.
13:00 Buruhandiak.
14:00 Haur bazkaria (Norberak bere bazkaria ekarri eta edariak eta postrea bertan banatuko dira).
16:00 Mus txapelketa (15:30-16:00 izen ematea).
16:00 Haurrentzako puzgarriak.
17:30 Txokolatada Zaharren Egoitzan.
19:00 Buruhandiak.
20:30 Kantu afaria Josune Aranbururekin.
00:00 DJ Van.
Irailak 22, igandea
11:00 Toka txapelketa.
12:00 Hamaiketakoa txosnan.
14:00 Herri bazkaria.
18:00 Hipo eta Tomax pailazoak.
Ondoren buruhandiak.
19:30 Piper dastaketa.
21:00 Festen amaierako traka.