Gutun soziala osatzen jarraitzeko bigarren batzarra, datorren astean

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 9a, 00:00

Biharko zegoen iragarria, baina azkenean irailaren 18an egingo da, aurreikusitako ordu eta lekuan; arratsaldeko 19:00etatik aurrera Potxoenean. Euskal Herriko Oinarrizko Eskubideen Gutuna osatzeko prozesuaren baitan antolatu da bigarren batzar ireki hau. 

Lehen bilera, uztailaren 23an burutu zen. Orduko hartan, gutun soziala delakoa osatzeko prozesua aurkeztekoak ziren jendaurrean. "Honez gain, usurbildarrek gutunaren eraikuntza elikatu ahal izateko lan metodologia adostuko da", horixe lehen deialdi hartarako planteatua zutena antolatzaileek. Datorren asterako finkatu den hitzorduarekin, aipatu gutuna osatzeko lanketarekin jarraitu nahi da. Herritarrei irailaren 18ko ekitaldi honetara gerturatzeko gonbita luzatzen zaie.

Ereduz aldatzeko lehen pausoa
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzeko prozesuaren bitartez, “herritar eta langileok burujabetza praktikan jarri eta dagozkigun eskubide sozialak barnebilduko dituen gutuna osatuko dugu, botere ekonomiko eta gobernu neoliberalei irmoki erakutsiz, gu garela gure buruen jabe eta guri dagokigula gure eskubideak zein diren zehaztea”. 

Iragan maiatzaren 30ean burutu zen greba orokorreko deitzaileek ere (Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta hamarnaka eragilek) deialdi hartatik haratago joan, eta gutun soziala eratzeko beharra nabarmentzen zuten. Ereduz aldatzeko lehen urrats gisa ikusten zuten. "Beharrezkoa den salaketa eta borrokatik harago joan behar da, alternatiba eraikitzeko. Beste eredu bat posible dela aldarrikatzetik eredu hori eraikitzera pasa behar dugu. Lehen urratsa, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna burutzea izango da. Honen bidez, euskal jendartearen indarrak bildu nahi ditugu, Euskal Herriarentzako bide propioa egiten joateko, eskubide sozial eta laboralen errespetuan eta justizia sozialean oinarrituko den eredua lortzeko", zioten maiatzaren 30eko greba orokorreko deitzaileek.