Usurbili bizitasuna eman, albiste pozgarri ugari sortu eta udalerriko izena muga hauetatik kanpo zabaltzen lagundu dute mende erdiz. Ziurrenik egun, aitzindarienetakoa dugun herriko taldearen aurrean gaude. Urriaren 12an lehen neurketa jokatu zutela 50 urte beteko dira. Eta urtemuga garrantzitsu hau ospatzear da, Usurbil Kirol Elkartea.
Datorren astean hain zuzen, ospakizun astea izango dute iraganeko eta egungo jokalari, entrenatzaile, zuzendaritzako kide, guraso, zaletu, eta herritar orok. Irailaren 16tik 22ra hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Astean zehar, adin tarte desberdinetako taldeen arteko neurketak jokatuko dira, 50 urteotan eskubaloiaren "eskenatoki" izan diren Usurbilgo hiru guneetan; Santuenean, frontoian eta Oiardo Kiroldegian. Duten zaletasunaz gozatzen ikusi ahal izango ditugu, eskola-kirolekoak, kadeteak, jubenilak, seniorrak... Eta adi, beteranoen itzulera ere iragarri baitute Usurbil Kirol Elkartekoek. Adin desberdinetako jokalari beteranoak bildu asmo dituzte, irailaren 22an goizez Oiardo Kiroldegian jokatuko diren neurketetan.
Liburu aurkezpena, irailaren 19an
Hildako elkarte kideen omeneko meza ostean, frontoian ospatuko den herri bazkariak emango die amaiera ospakizun ekitaldiei. Hori igandean, irailaren 22an. Aurretik ordea, nabarmentzeko moduko beste bi hitzordu ere badira. Elkartearen 50. urtemugaren harira, irudi, lekukotza, datu eta bitxikeriez hornituriko argitalpen bat plazaratzear baitu Usurbil Kirol Elkarteak, omenaldi eta eskertza moduan. Irailaren 19an, 19:00etan, Potxoenean aurkeztuko da jendaurrean. Eta hortik aurrera eskuragarri izango da, J.J. Furundarena usurbildarraren lana. Usurbilgo eskubaloi jokalariak, neurketak, garaipenak... Iruditan bildu ditu, besteak beste.
Eta irudiez ari garela, Usurbil Kirol Elkarteari loturiko argazki erakusketa bat ere bisitatzeko aukera izango da hurrengo astean zehar. Hona hemen zehaztasun guztiekin, eskubaloi taldeen bilguneak, 50 urteak ospatzeko antolatu duen egitarau zabala:
Irailaren 16tik 21era
Argazki erakusketa Sutegin:
Astelehenetik ostiralera: 19:00-21:00. Larunbatean: 12:00-14:00/18:00-21:00.
Irailak 16, astelehena
18:30 Suzirien jaurtiketa Santuenean, frontoian eta Oiardo Kiroldegian, Usurbil Kirol Elkartearen 50. urteurrena ospatuz.
18:30 Eskola-kiroleko eskubaloi neurketak frontoian.
Irailak 17, asteartea
16:00 Eskola-kiroleko eskubaloi neurketak frontoian.
Irailak 18, asteazkena
17:30 Kadete/jubenil nesken eskubaloi neurketa Santuenean.
18:30 Kadete/jubenil mutilen eskubaloi neurketa Santuenean.
Irailak 19, osteguna
19:00 50. urteurreneko liburuaren aurkezpena Potxoenean.
Irailak 20, ostirala
18:30 Kadete/jubenil mutilen eskubaloi neurketa frontoian.
19:30 Kadete/jubenil nesken eskubaloi neurketa frontoian.
Irailak 21, larunbata
11:00 Eskola kiroleko eskubaloi neurketa frontoian.
12:00 Eskola kiroleko eskubaloi neurketa frontoian.
17:00 2. territorialeko taldearen neurketa Oiardo Kiroldegian.
18:30 Senior nesken taldearen neurketa Oiardo Kiroldegian.
20:00 2. nazionaleko taldearen neurketa Oiardo Kiroldegian.
Irailak 22, igandea
10:00 Belaunaldi desberdinetako beteranoen neurketak Oiardo Kiroldegian.
11:00 Argazki erakusketa eta bideo emanaldia egun osoan zehar.
12:00 Elkarteko hildakoen omenezko meza.
14:30 Herri-bazkaria frontoian:
-Helduak: 20 euro.
-13 urte arteko haurrek: 12 euro.
-Txartelak: Bordatxon eta Aitzagan salgai. Honako konturen batean ordainketa edo transferentzia egitearen agiria ere baliozkoa da:
BBVA: 0182 6043 27 0201505790.
Rural Kutxa: 3008 0259 11 2038715328.
Kutxabank: 2095 5069 02 1061099122.
Menua:
-Eusko Label tomate entsalada.
-Otarrainxka egosiak.
-Eusko Label hegaluzea parrilan.
-Txerri kostila parrilan.
-Limoizko sorbetea cavarekin.
-Kafea, patxarana eta likoreak.
-Edariak: txotxeko sagardoa, Errioxako ardoa eta ura.
Oharra: urteurreneko kamisetak eta urteurreneko liburua salgai.
Antolatzailea: Usurbil Kirol Elkartea.