Kantu Taldekoak, irailaren 24an itzuliko dira

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 10a, 00:00

Iraileko azken astearterako finkatua dute ikasturteko lehen entsegu saioa, irailaren 24rako eta lau egun beranduago irtengo dira kantu-jiran, hilaren 28an. Bi deialdiokin abiatuko dute denboraldi berria, Usurbilgo Kantu Taldeko kideek. Abestera gerturatzeko gonbita luzatzen dute. "Entseguetan parte hartzea doakoa da. Usurbilgo Udalaren laguntza daukagu. Kantuan aritu nahi duen guztiak dauka Kantu Taldean parte hartzeko aukera. Entseguak asteartero izaten dira", berri eman dute.

Udan atseden hartuta bueltan datozela iragarri dute. Bilguneak bost urte beteko ditu datorren urtarrilean. Kantu zaleen taldea 2009. urte hasieran martxan jarri zutenetik, "230 bat kantu baditugu gure kantutegian. Kantuak kantatzen, ikasten eta plazaratzen saiatu gara. Kalean hainbat Kantujira, Kantuafariak, Lagunekin Kantari ekimenak, Bertso-Kantujirak eta inguruko jaietan parte hartuz, kantatzeko ohitura berreskuratzen ibili gara eta halaxe segitzea da gure nahia".

KANTU TALDEKOEN ITZULERAKO HITZORDUAK
Irailak 24, asteartea
18:30-19:30 Entsegu saioa Udarregi Ikastolan, Susi Elosegi ikastolako musika irakaslearekin.

Irailak 28, larunbata
19:00 Kantu-jira Mikel Laboa plazatik abiatuta.