Gurasoek eman beharko dute seme-alaben izena Gaztelekuan

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 10a, 00:00

Bi hilean behin gai baten inguruan egingo duten lanketa, eta izena emateko modua aldatuta, halaxe hasiko du Gaztelekuak 2013-2014 ikasturte berria. Garai bateko Gure Pakea elkartekoen egoitza zena zabalik da berriz, besteak beste, talde berri bati harrera egiteko. Aurten, DBH 1.mailan ikasten hasi direnek lehen aldiz Gaztelekura hurbiltzeko aukera izango baitute. Larunbatean ongi etorri eguna antolatu diete, egoitzan bertan, 16:00-17:30 artean.

Eta astelehenean, irailaren 16an, ikasturte berri honetan Gaztelekura gerturatuko diren gaztetxoen gurasoek joan beharko dute izena ematera. Hauxe, lehen aipatu moduan, aurtengo berrikuntzetako bat. Gurasoek apuntatu beharko dute, Gaztelekura gerturatu nahi duen seme edo alaba. Horretarako, DBH 2,3 eta 4 mailetakoei ikastolan banatuko zaien izen emate orria eraman beharko dute. Aipatu moduan, datorren astelehenean, 18:30-19:30 artean Gaztelekura. Izen emate orria ez duenak, Gaztelekuan bertan eskuratu ahal izango du. Honen "helburua da guraso eta hezitzaile arteko aurkezpena egitea, aurpegiak ikusi eta komunikazio bide bat ezartzea bi zentzuetan, telefono eta helbide elektronikoa elkartrukatuz".

Bi hilabete, gai baten inguruko lanketan
Izena ematearekin batera, beste berrikuntza bat. Ikasturte hau bi hilabeteka antolatu dute Gaztelekukoek. Bi hilabetero gai baten inguruko lanketa burutuko dute. Gaien hautaketa, gazteen interesak kontuan hartuz egin da, "eta gazteak burutuko diren ekintzen inguruan proposamenak egin ditzakete".

Hauexek dira, orain hasi eta datorren udara arte jorratuko dituzten gaiak:

Iraila-urria: "Gorputza zaindu maitatu: Mens sana in corpore sano".
Azaroa-abendua: "Euskal Herria munduan: Txapela buruan ibili munduan".
Urtarrila-otsaila: "Neska mutilak berdintasunean: puntu lila".
Martxoa-apirila: "Zuk zeuk egin dezakezu: "DIY Do It Yourself".
Maiatza-ekaina: "Musika: Musikazblai".
Uztaila: Udabentura.

OHIKO ORDUTEGIA
Berrikuntzak berrikuntza, Gaztelekuak ohiko ordutegia izango du aurten ere:
-Astelehenetan:
16:30-18:00 DBH 3-4 eta Batxilergoa.
18:00-19:30 Denak.

-Ostegunetan:
16:30-18:00 DBH 2.
18:00-19:30 Denak.

-Larunbatetan:
16:00-17:30 DBH 1.
17:30-19:00 Denak.

Argibide gehiagotarako: gaztelekua@usurbil.net

Irudia: Gaztelekua.