EH Bilduren bi urteotako balantzearen aurkezpena, irailaren 16an

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 10a, 00:00

Potxoenean uztailean eginiko bi batzarren ostean eta 2011-2015 legegintzaldia erdibidera heldu den honetan, lehen bi urteotako balantzea aurkeztuko du jendaurrean Usurbilgo EH Bilduk, astelehenean, irailaren 16an, 19:00etan Potxoenean.

Uztaileko batzarretan landutakoaren berri jasotzeko aukera egongo da bertan. Aurreko batzarretan hain zuzen, Usurbilgo EH Bilduren web orrialdeak jasotzen duenez, "bi urte hauetako bilakaera, herri programaren garapena, martxan jarri diren egitasmoen balorazioa, arlo bakoitzean aurrera eraman diren egitasmoen identifikazioa, hutsuneak,… aztertu ziren". 

Legegintzaldi honetako lehen zatiari loturiko balorazio labur bat eskaintzen du koalizioaren atariak. EH Bildurentzat ardatzak izan diren zenbait kontzeptu hain zuzen. Gertutasuna eta gardentasuna esaterako. Erabakiak herritarrekin batera hartzeko eginiko ahalegina da baloratzen duten beste alderdietako bat. Ezin ahaztu krisialdi ekonomikoak baldintzaturiko garaia dela. Ondorioz, bi urteotan, "behar beharrezkoak diren egitasmoei heltzea" izan da gobernu taldearen lehentasunetako bat. Premiazko hirigintza obrak egin, edota gizarte zerbitzu eta laguntzak bere horretan mantendu dituela adierazi du EH Bilduk.

Herritarrekin bilkurak, elkarlana...
Honez gain, ehunka bilera burutu dituztela gaineratu dute koaliziotik. "Politika ezkertiar eta abertzalearen aldeko apustua egingo genuela aurreratu genuen duela bi urte. Eta, gainera, Udaletxeko ateak herritar guztiei irekita egongo zirela esan genuen. Bi urte hauetan zinegotzi eta alkateak ehunka bilera izan dituzte talde eta norbanakoekin eta hitzordua eskatu duten pertsona guztiek erantzuna jaso dute", adierazi dute.

Era berean, herritarrengandik gertu aritu direla lanean gaineratzen dute. Horren adibide moduan jartzen dituzte, aurrekontuen harira eginiko auzoz auzoko errondak, Bidegorrien Plangintza, hezkuntzako prozesu parte hartzailea... 

Hirigintzako Plan Orokorraren diseinua, datorren erronka
Iraganari soilik ez, aurrera begirako lan ildoak ere aurkeztu nahi dituzte batzar berean, EH Bilduko kideek. Abiatzear dugun ikasturte berri honetan, titular bat baino gehiago emango digun Usurbilgo Hirigintzako Plan Orokorra diseinatzeari ekingo baitio Udalak. Bakarrik ez noski, herritarrekin batera. Iragarri dutenez, "erabaki horretan usurbildarren parte hartzea behar beharrezkoa izango da". Etorkizuneko udalerria diseinatuko baita. "Plan Orokorrak sekulako garrantzia du, suposatzen baitu Usurbilek baduela tresna bat bere etorkizuna eratzeko", diote EH Bildutik.

Honez gain, aurrera begirako beste erronketako bat, "parte hartzea bultzatzeko ahaleginetan saiakera bereziak egiteko asmoa dugu". Datorren asteko herri batzarra antolatuz adibidez.

EH Bilduk legegintzaldi honetako lehen bi urteen inguruan eginiko balantzearen zehaztasun gehiago, http://usurbil.ehbildu.net helbidean.