Gaur Herrialde Katalanetan eta 2014ko ekainaren 8an, Euskal Herrian

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 11a, 00:00

Irailaren 11 honetan Diada eguna dute Herrialde Katalanetan. Historikoa izatea espero da, gaurko deitua duten ekimen berezi batengatik. Arratsaldeko 17:14an, herrialdea iparretik hegora zeharkatuko duen independentziaren aldeko 400 kilometrotako giza-katea osatuko dute. Jendetza espero da. 

Gaur Herrialde Katalanetan ikusiko diren antzeko irudiak errepikatuko dira Euskal Herrian, baina 2014ko ekainaren 8an. Durango eta Iruñea lotuko dituen giza kate erraldoia antolatu baitu Gure Esku Dago herri mugimenduak. Ekimena, erabakitze eskubidearen alde deitu dute. Eskuz esku aipatu bi guneak lotu nahi dituzte. Euskal Herri osoko jendea bertaratzea nahi dute.

Usurbildarrak, Sakanara joateko deituak
Eskualde bakoitzeko herritarrek, giza-kate honetako zati batean parte hartzeko aukera izango dute. Usurbildarrak, Donostialdean bizita, giza-katean egoteko Sakanako udalerrion artean hautatu dezakete; Arakil, Arbizu, Arruazu, Irantzu, Irurtzun, Lakuntza edo Uharte Arakil. Antolatzaileek argitu dutenez, "Euskal Herriko geografia eta biztanleria banaketa ikusita eskualde bakoitzari kilometro kopuru bat esleitu zaio. Ahalik eta gertuen dauden puntuak aukeratu ditugu, giza-kate osoa bete ahal izateko helburuarekin. Garrantzitsua da leku hau aukeratzea, guztion artean ibilbidea osatzeko". Halere, nahi duenak giza-kateko beste punturen bat hautatu ahal izango du.

Dagoeneko, http://gureeskudago.net/eu/  atarian sartuta, nork bere datuak utzi eta 2014ko ekainaren 8an osatu nahi den giza-kateko metroa erosi dezake. Zergatik ordaindu behar den metroa? Antolatzaileek diotenez, "antolaketako gastuak ordaindu nahi ditugu, eta horregatik 5,80 jartzen dugu pertsonako. Trukean zure lekuaz gain pack bat jasoko duzu etxean (2014ko udaberrian) hainbat prdukturekin, giza-katea ikusgarriagoa izan dadin". Datozen hilabete hauetan sarritan izango dugu Gure Esku Dago herri mugimenduak antolaturiko ekimen erraldoi honen berri.