Elebakarrik ez egotea, eta elebakar izateari utzi nahi dion orok behar besteko aukera izatea eskura. Erronka honen bueltan hasiko dute ikasturte berri hau ere, Buruntzaldeko euskaltegiek. Gaur aurkeztu dute sasoi berrirako matrikulazio kanpaina Andoainen, bailarako euskaltegietako eta udal ordezkariak bildu dituen ekitaldian. Haien artean zen, euskara hobetzeko lanetan diharduen Mikel Pernia andoaindarra. Prentsaurrekoan euskaltegian zergatik matrikulatu zen azaldu du. Bere bizitzako hainbat urte Bizkaia aldean eman ostean, sorterrira, Andoainera itzuli eta jabetu zen, hizkuntza bat ahotan ez hartzeak duen galeraz.
Iaztik euskaltegian da hizkuntza hobetzen. Bere bigarren ikasturteari gustura, gogotsu ekitekoa da Mikel, gaur eguerdiko ekitaldian azaldu duenez. Helburu argia du, euskara maila hobetu nahi du, euskara gehiagotan erabili ahal izateko. Bere lekukotzarekin batera, prentsaurrekoan parte hartu duten euskaltegietako eta udal ordezkariek ere ildo beretik, animu, indar eta gogo guztia helarazi diete, euskara ez dakitenek ikasten hasi eta euskaltegietara matrikulatzera hurbildu daitezen. Irekia baitago, izen ematea.
Informazio osoa, Buruntzaldeako web orrialdean
Bide batez, Buruntzaldeako udalerrietan euskara ikasteko dagoen eskaintza guztiaren berri jasotzeko aukera dago, http://euskara.buruntzaldea.org/ atarian. Web orrialde honetan, "Euskara ikasi" izeneko atalean, norberak duen euskara maila ezagutzeko testak egin ditzake. Baita herriz herri dagoen ikastaro eskaintza kontsultatu ere; udalerrika, edota mailaren arabera, non ze ikastaro dagoen jakin daiteke. Eta ikastaro bakoitzean plazarik geratzen ote den ere, horren berri izan dezake Buruntzaldea Euskaraz web orrialdera sartzen denak. Udalerri bakoitzeko euskaltegiekin hartu emanetan nola jarri ere, datuok jasotzen ditu aipatu atariak. Baita, euskara ikastera doanak zer nolako diru-laguntzak eska ditzakeen.
Eskaintza zabala Etumetan
Udalerrika, Usurbilgo kasuan, 1, 2 eta 3. mailari loturiko ikastaro bana programatu du Etumeta AEK euskaltegiak, urriaren 1ean abiatuko duen 2013-2014 ikasturterako. Ordutegi honetan eskainiko ditu ikastarook:
1B maila: astelehenetik ostegunera, 20:00-22:00 artean.
2 maila: astelehenetik ostegunera, 9:00-11:30 artean.
3 maila: astearte, asteazken eta ostegunetan: 17:30-20:00 artean.
Autoikaskuntza: 190 lan ordu etxean. Astero tutoretza saioak, eta bi orduko mintzapraktika saioa euskaltegian.
Mintzapraktika: astean behin.
MATRIKULAZIOA
Etumeta AEK euskaltegiko eskaintzan matrikulatu nahi duenak, hauxe du izen emateko ordutegia:
-Astelehenetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.
Informazio gehiago:
-Telefono zenbakia: 607 609 379.
-E-posta: usurbil@aek.org
-Bloga: muntteri.blogspot.com.es