Aurrez izena eman duten mendizaleek igande goizeko 7:00etarako abiatzeko prest beharko dute, Oiardo Kiroldegi parean. Andatza Mendizaleen Kirol Taldekoek txangoa antolatu dute Artikutza aldera, eta ordu horretan irtengo da Usurbildik autobusa. Joan etorria garraio zerbitzu honetan egingo dute mendizaleek. Ibilbidea aldiz, Artikutza inguruetan, "Ezkaxetik hasiko da ibilaldia eta Izuko tontorra eta Artikutzako herria igaro ondoren Ezkaxera itzuliko gara". 16 kilometroko bidea osatuko dute, bost bat ordutan. Irteerari buruzko zehaztasun gehiago, www.andatza.com atarian.
Datorren irteera, asteburu pasa
Artikutzako irteeran parte hartzeko izen ematea itxita dago. Joateko gogoz geratu direnek, urrian dute hurrengo hitzordua. 2013rako osatua duten egitarauan aldaketarik ez bada behintzat, asteburu pasa antolatu dute urriaren 12 eta 13rako, Xoxote eta Deba aldera.