Masusta Kofradiaren Eguna gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko ira. 13a, 00:00

Hamabigarren kofradekidea izendatuko dute gaur, 2006an jatorria duen bilguneak. Masusta Kofradiakoen Eguna dugu irailaren 13 hau. Iluntzeko 21:00etan bilduko dira Txirristra tabernan, masustak berebiziko presentzia izango duen kantu afari goxo baten bueltan. Otordura joan nahi duenak aurrez eman behar du izena, Txirristran bertan egongo den zerrendan. Kapa eta lepokoekin, eta egun honetarako sorturiko ereserkiaren erritmora, masusta osagai nagusi duen afaria dastatzeko aukera egongo da. Hurrengo urterako kofradekidea ere nor izango den hautatuko dute.

Taldea handitzen doa eta hala jarraitzeko konpromisoa hartua dute masusta zaleek osaturiko kofradiako kideok. Helburu nagusi batekin; ondo pasatzeaz gain, masustari "duena baino merezimendu gehiago eman asmoz". 

MASUSTARI GORAZARRE, IRAILAREN 13AN
2006an lagun talde batek, masustari gorazarre egiteko kofradia berri bat osatu eta sustatzeko konpromisoa hartu zuen. 2007az geroztik, kantu afari eder baten bueltan biltzen dira Masustaren Kofradiako kideak, ideia sortu zen leku berean, Txirristra tabernan. Masustaren inguruko otordua ospatzen dute, ereserki eta guzti, eta kofradekide berria izendatzen dute. Zazpi urte igaro dira, eta denbora tarte honetan, taldea handitzen joan da. Aurten hamabigarren kofradekidea izendatuko dute, irailaren 13an ospatuko duten ekitaldian. Hitzordura bertaratzeko gonbita luzatzen du Arantzazu Aranburuk, Masustaren Kofradiaren sortzaileetako batek.

Kofradiak non du jatorria?
Arantzazu Aranburu:
2006. urtean abuztuan, baba txikiari loturiko kofradiaren eguna ospatu ondorenean, Txirristan geunden bost lagun. Emakumezkook ere kofradiaren bat sortu beharko genuela eta, txantxetan hasi ginen. Sortzen hasita ze kofradia sortuko genuen eta, masustarena, masusta zale eta biltzaileak tartean baikinen. Bostok elkar hartu eta zin egin genuen, urtebete barru kofradia izendatuko genuela, geroni kofradekide izendatuz.

Masustarekiko zaletasunak lotu zintuzten bostok?
Bildu ginen bost lagunen artean, bizpahiru behintzat bai. Eta besteok ere masusta zale egiten ginela aldarrikatzen genuen. Ideia polita iruditu zitzaigun eta horren inguruan kofradia sortu eta masustarekiko halako atxikimendu edo konpromisoa hartzen genuela bagenekien. Hala sortu eta eratu zen 2006an. Kofradiaren izendatzea 2007ko irailaren 7an izan zen. Txirristra tabernan eratu genuen, ideia ere hantxe sortu baitzen. Urtero bertan ospatzen dugu masustaren kofradiaren eguna. Urtero kofradekide bat izendatuz, ekitaldi xume eta polit batekin hasiera eman genion. Eta urtez urte geroztik errepikatzen joan gara.

Kofradekide berrien izendatzea nola erabakitzen duzue?
Aurten hamabigarren kofradekidea izendatuko dugu. Kofradia eguneko afarira etorri izan den norbait hautatzen da. Kidea zenbateroko maiztasunarekin etorri den afaritara, hori da kofradekide hautatzeko irizpidea. Huts egin gabe etorri den hura izendatzen da.

Kofradekide izendatua denak zer konpromiso hartzen du?
Masusta goraipatuko dugula eta duen baino merezimendu handiagoa duela zabalduko duen konpromisoa. Hemen badugu formula bat, dioena, masusta goraipatu eta sustatzea, duen merezimendua emango diola zin egiten dugu. Eta kofradekideak horretara ere zin egiten du.

Aurtengo kofradekidea hautatua duzue?
Aurtengo izendapena emana dugu. Hurrengo urtean kofradekidea izango dena afaritan azalduko dugu.

Masusta merezimendu beharrean dagoela aldarrikatzen duzue?
Masusta oso fruitu kaskartzat hartu izan da, edo merezimendu gabekoa. Baina ikasi dugunez, alderantziz da. Masustak egundoko propietateak ditu; indar garbitzailea du, barruak garbitzeko oso ona, bitamina aldetik C eta A ditu, kaltzioa du, burdina ere bai, indar antioxidatzailea eta ematen zaion erabilpena ere zabala da; mermeladak egiteko, likorea ere egiten da.

Masusta oso presente  duzue ekitaldian?
Bai. Mahaia larraz eta masustaz apaintzen dugu. Eta festa masustaren inguruan egiten da. Menuan oinarrizko jangai izaten dugu: entsaladan ere masustak izango dira. Eta gero postrean ere bai. Masusta likorearekin eta guzti bukatzen dugu. Oso gozoa gainera.

Ekitaldia nola ospatzen duzue?
Lagun arteko eta kantu giroko afari irekia izaten da. Josune ahizpa gitarrarekin etortzen da. Hasieratik bukaeraraino kantuari ekiten diogu eta oso otordu alaia izaten da, kantuz josia. Testu bat irakurtzen da, non masustaren ezaugarriak eta zenbateraino balioa duen azaltzen den. Hori guztia babestu eta goraipatuko dugula zin egiten dugu. Denentzako lekua dago, irekia da, une gozo, alai eta lagun arteko pasa nahi duenarentzat.

Afaritarako gonbita luzatu…
Gurekin bat egin nahiko luketen guztiei gonbidapena zabaltzen diegula eta aitzakia polita dela, festa hori egin eta ondo pasatzeko. Masustari halako begirunea edo garrantzia pixka bat eman eta jaso nahian datorrela. Irekia dela afaria, eta guretzat pozgarria litzateke ustekabeko jendea etortzea ere. Izena aldez aurretik eman behar da. Zerrenda bat jartzen da Txirristran edo bestela guri esan. Etorri eta ondo pasa.

Taldea handitzen doanez, ibilbide luzea izan dezake kofradiak?
Bai. Kofradekide berriak izendatzen joan ahala taldea ere handitzen doa. Izendapenak hurrengo urteetarako ere lotzen dizu. Horregatik, ez dirudi etenik ekarriko duenik. Gure aldetik ere, kofradia indartzen joateko konpromisoa dugu.

ERESERKI ETA GUZTI DU KOFRADIAK 
Zein da irailaren 13rako finkatu duzuen hitzordua?
Afaria bederatzietan izaten da Txirristran. Baina zortziretan Patrin biltzen gara eta han jada kantuan hasten gara, batzuk kapa jantzita. Gero kantuan kalejiran etortzen gara Txirristra tabernaraino. Hor jada bederatzietan mahaian jarri eta afari goxoa egiten dugu eta gero dator ekitaldi xumea. Kofradegai berriaren aurkezpena egiten dugu eta gero guztiok Cordero ahizpek jositako masustaren ikurdun eta masusta koloreko kapak eta painueloak janzten ditugu. Bi ahizpok ere, merezimendu handiz kofradekideak dira, eurak baitira gu guztion kapa eta panueloak josi dituztenak. Masustaren propietateak irakurtzen dira eta kofradekide berriaren eta guztion zin egitea etortzen da. Zin egitea masusta babestuko dugula eta bere propietateak eta bere merezimendu guztia goraipatuko dugula esanez burutzen da. Afaritan ere, hurrengo urterako kofradegaiaren izendatzen da. Guztia, masustaren ereserkiarekin amaitzen da. Ereserkiko hitzak nireak dira eta musika, alaba Maria Arrutik egina.

Zer dio ereserkiak?
Larraren fruitu xume bat dela, oso ugaria garaia denean. Ale txikia izan arren, elikagaiz handia dela. Eta horregatik guk, zaleok, Usurbilen masustaren kofradia eratzeko ausardia izan dugula. Gero bere propietateak azaltzen ditu, heltzen denean beltza dela, baina elikatzeaz gainera, garbitzen duen jakia dela. Eta baita ere datu bezala, gaur estimu hori galdua badu ere, garai batean erromatarrek adibidez oso estimu handian izan zuten jakia dela. Eta horregatik, guk ere estimu hori berreskuratu nahi diogula.

MASUSTAREN ERESERKIA
Larraren fruitu da bera
garaian zein ugaria!
ale txikiena ere
elikagaiz da haundia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.

Masusta heldu denean
beltza da bainan garbia
elikatzeaz gainera
arazten duen jakia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.

Erromatarrek zioten
oso estimu handia
guk ere gora dezagun
merezi duen guztia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.